Politika -

Biltzarra

EH Bilduk biltzar bidez erabakiko du lehendakarigairik aurkeztu ala ez

Koalizioak berriz nabarmendu du borondatea duela Euskadin 'akordio integral zabalak' adosteko, eta horrek 'Europara begira, eta ez Madrilera', jarriko duen 'proposamen handinahikoak' eskatzen dituela.

Marian Beitialarrangoitia. Argazkia: EiTB
Marian Beitialarrangoitia. Argazkia: EiTB
Lehendarigaia aurkeztu ala ez erabakiko du EH Bilduk hilaren 22an

0:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren oinarriek datorren larunbatean Donostian egingo den biltzarrean aztertuko dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko kontaktuek emaitzarik eman duten, eta, ondorioz, bertan erabakiko dute lehendakari izateko hautagairik aurkeztuko duten ala ez inbestidura-saioan. Hala azaldu du gaur Marian Beitialarrangoitia koalizio soberanistako diputatuak.

Gipuzkoako hiriburuan emandako prentsaurrekoan, Beitialarrangoitiak eta Ohiana Zabaletak esan dutenez, aipatu biltzarra "testuinguru jakin batean egingo da, hauteskunde autonomikoen ostean Euskal Autonomia Erkidegoan irekitako egoeragatik eta Estatuan dagoen egoeragatik".

"Erabaki garrantzitsuak"

Beitialarrangoitiaren aburuz, litekeena da "PSOEk PPren beste gobernu bati ateak irekitzea, horrek Euskal Herriarentzat dakarzkion kalteekin". Bere esanetan, "amildegi politiko baten aurrean gaude, blokeo egoera baten aurrean, zeinetan ezinezkoa den demokratizazioa edota aldaketa politikoa eta soziala ematea, ez baitago borondate politikorik, ezta alderdien arteko harremanik ere hori gauzatzeko".

Hala ere, sinetsita agertu da "Nafarroan egiaztatu geratu den legez", "aukera errealak" daudela "Euskal Herrian etorkizunarentzat mesedegarriagoa den agertoki batera jauzi egiteko, handinahiak bagara", Eusko Legebiltzarrerako egin diren azken hauteskundeak eta gero.

Testuinguru horretara ekarri du EH Bilduk EAJri Elkarrekin Podemosi eta herri honetako eragile sozialei egindako proposamena; izan ere, "garaia da erabaki garrantzitsuak hartzeko, argiro hitz egiteko eta irakurketak bazter batera uzteko".

"Akordio integral zabalak"

EH Bilduren bozeramaileak Euskadin "akordio integral zabalak" adostearen alde agertu dira, eta, beraien iritziz, horrek "Europara begira, eta ez Madrilera", jarriko duen "proposamen handinahikoak" eskatzen ditu. "Osagaiak, baldintzak eta alderdien arteko harreman aproposak ematen dira horretarako; aitzitik, hori gerta dadin borondate politikorik ote dagoen zehaztea falta da", zehaztu du.

Modu horretan, beren alderdia "herri mailako adostasun handiak" hitzartzeko prest dagoela azpimarratu dute, besteak beste, "herri honetako agente politiko, sozial eta sindikalen artean adostutako" zergen gaineko erreforma sakona egitea ahalbidetuko duena. EH Bilduren ustez, "premiazkoa eta ezinbestekoa" da hori egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi