Politika -

Rajoy - Urkullu bilera

PPk eta EAJk bilera egingo dute, 'denetaz' hitz egiteko

Josu Erkorekak adierazi du harremanak normalizatzeko bilera bat izango dela eta azpimarratu du EAJk ez duela Zapateroren aurkako PPren balizko zentsura-moziorik babestuko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluk eta Mariano Rajoyk bilera egingo dute. Hala iragarri du Josu Erkoreka EAJk Madrilgo Kongresuan duen bozeramaileak. Bilera noiz eta non egingo den oraindik ez dagoela zehaztuta esan du, baina "denetaz" hitz egingo dutela azaldu du.

Batzarraren helburu nagusia bi alderdien arteko harremanak "normalizatzea" dela azpimarratu du. Erkorekaren esanetan, bilera horrek Patxi Lopez lehendakariari ezinegona eragiten badio, Alderdi Popularrarekin hitz egitea gomendatu dio, PSE baita PPrekin hitzarmena sinatu zuena.

Soraya Saenz de Santamaria Alderdi Popularraren bozeramaileak ere hitz egin du eta bilera alderdi hori gainerako talde parlamentarioekin izaten ari den elkarrizketen baitan kokatu du.

Adierazi duenez, azkenaldian Mariano Rajoy gai izan da talde parlamentario guztiekin ulertzeko eta "sarritan" Gobernuaren ekimen batzuk saihesteko gehiengo alternatiboak lortzera iritsi dela nabarmendu du.

PSOEren Gobernua "bakarrik" geratu dela eta, Alderdi Popularrak zentsura-mozioa aurkezteko asmorik duen ala ez galdetuta, bere garaian "ezer" ez zutela baztertu esan du, baina Parlamentuko eserlekuen banaketa zein den "ondo" dakitela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea