Politika -
Aldaketarako Sarea
Patxi Lopez: 'Geldo goazela uste dute batzuek, baina aurrera goaz'
Jaurlaritza "ireki eta partehartzaile" bat defendatu du lehendakariak, eta baita gizarte "anitz eta solidario" bat ere, aurreko gobernuen aurrean, "gobernatzeko era abertzalea zutelako".
Erredakzioa
PSEk Eusko Jaurlaritza hartu zuela urtebete pasa denean, "batzuek aurrera geldo goazela uste dute, baina aurrera goaz, eta garrantzitsuena norabidea jakitea da", esan du Patxi Lopez lehendakariak.
Aldaketarako Sarearekin bilera batean parte hartu du Lopezek gaur, Bilbon. Plataforma horrek Lopezen hautagaitza babestu zuen hauteskundeetan.
Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritza "ireki eta partehartzaile" bat defendatu du Lopezek, eta baita gizarte "anitz eta solidario" bat ere, aurreko gobernuen aurrean, "gobernatzeko era abertzalea eta herritarrak bereizteko nortasunaren lubakia zutelako".
Krisi ekonomikoa
Bestalde, krisi ekonomikoaz mintzatu da eta "esku ikusezinen interesen aldeko politika egiteko modu bat nagusitzen ari" dela kritikatu du lehendakariak, izan ere, "esku horiek merkatuen atzetik dira eta jabeak, kontu-korronteak eta ondasunak dituzte".
Finantza-krisia "finantza-sistema zikoitz batek bakarrik ez du sortu, sistema hori arautu nahi izan ez duen politika batek ere", adierazi du agintariak.
"Ekonomia ongizatea sortzeko ondasun publiko bat da", Lopezek aldarrikatu duenez, "interes pribatuak bilatzeko bataila esparru bat ez da". Progresistek Ongizate Estatua defendatu behar dute, "desagertuko dela diotenen aurrean", Lopezen ahotan.