Politika -

Omenaldia

Hil dituzten zinegotziak omenduko ditu Legebiltzarrak uztailaren 2an

Aukeratutako dataren berri eman dio Bozeramaileen Batzordeari Gasteizko Ganberako presidenteak. Horrela, 2009ko abenduaren 4ko osoko bilkuran adostutakoa betetzen da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko zinegotziak omentzeko osoko bilkura egingo du Eusko Legebiltzarrak uztailaren 2an. Hildako zinegotziei zein mehatxupean lanean jarraitzen dutenei omenaldia egingo diete legebiltzarkideek.

Gasteizko Ganberak gaur jakinarazi duenez, aukeratutako dataren berri eman dio Bozeramaileen Batzordeari Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteak.

Horrela, 2009ko abenduaren 4an egindako osoko bilkuran adostutakoa beteko dute.

Quiroga Jokin Bildarratz Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) presidentearekin bildu zen iragan astean eta omenaldia uda baino lehen egiteko borondatea azaldu zion. Era berean, erakunde horri laguntza eskatu zion Ganberako presidenteak, ekitaldia antolatzeko.

Mehatxatu guztien "gizabidezko adore demokratikoa" aintzat hartu zuen urte bukaeran onartutako ebazpenak, "terroristen mehatxupean egunero lan egiten duten alkate eta zinegotziena" batez ere. Era berean, "duintasuna beldurraren gainetik mantentzearren bizitza galdu zutenek" egindako lana onartu zuen ebazpenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea