Politika -
Elkarrizketa ETBn
Bizikidetza planak 'nahikoa babes' du, Celaaren esanetan
Hezkuntza sailburuak "arduraz jokatzeko" eskatu die alderdiei, Planarekin bat egin dezaten eta ez dezaten "oztopatu".
Erredakzioa
Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak uste du Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planak "nahikoa babes" duela "indarrean jartzeko", eta alderdi politikoei "arduraz jokatzeko" deia egin die, Planarekin bat egin dezaten eta ez dezaten "oztopatu".
ETBko Egunon Euskadi saioari eskainitako elkarrizketa batean Celaak adierazi duenez, Jaurlaritzak "alderdien gehiengo zabal baten" babesa du, PSE-EErena, PPrena, UPyDrena, EBren "babes kritikoa" eta "aurrerapauso handiak" EAJren aldetik.
"Alderdi politikoek, horrenbesteko ardura eskatzen duen gai batean, Planarekin bat egin beharrean, oztopoak jartzen badituzte, zailtasunak izango ditugu", gaineratu du. Hori dela eta "arduraz jokatzeko deia" egin die, eta esan du Planak "denen konpromisoa" behar duela.
Sailburuaren arabera, Jaurlaritzak Bizikidetza Plana Legebiltzarrean aurkeztu zuenean, EAJk alderdi txarrak azpimarratu zituen onen gainetik, "eta hori ez zen koherentea" izan PSE-EEren Jaurlaritzak eta Alderdi Jeltzaleak "negoziaketetan bizitakoarekin".
Celaak uste du "horrenbesteko garrantzia duen gai batean, gure herrian hainbesteko sufrimendua eraginda", EAJk "positiboago hitz egin" beharko lukeela. Horren harira, Plana bultzatzeko EAJren lankidetza faltan sumatu dutela esan du.
Hala ere, Isabel Celaak esan du Iñigo Urkullu EAJren presidenteak Plana Legebiltzarrean aurkeztu aurretik egindako adierazpenekin geratzen dela, "biktimei buruzko desadostasun batzuk akordiora iristeko oztopo ez zirela izango esan zuenean".