Politika -
Londreseko Auzitegi Gorena
Antton Troitiñoren estradizioaren auzia, epaiaren zain
Troitiñoren defentsak helegitea jarri du, Espainiara bidal ez dezaten. Joan zen ekainean, Erresuma Batuko auzitegi batek onartu egin zuen Espainiara estraditatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Londreseko Auzitegi Gorenean epaiaren zain geratu da astearte honetan Antton Troitiño ETAko preso ohiaren estradizioaren auzia.
Defentsak helegitea aurkeztu du astearte honetan Londreseko Auzitegi Gorenaren aurrean bere bezeroa Espainiara estradita dezaten ekiditeko. Espainiako Justiziak ustez agiriak faltsutzea eta ETAko kidea izatea egozten dio.
Epaileek defentsaren argudioak entzun dituzte, baina ez dute epaia kaleratzeko data zehatzik eman. Ez da epairik aurreikusten aste batzuk zenbait aste igaro arte.
Lehen auzialdiko auzitegi batek onartu egin zuen joan zen ekainean Triotiño Espainiari ematea. Troitiño otsailaren 5ean atxilotu zuten laugarren aldiz Londresen Espainiako Justiziak igorritako atxilotze-agindu bati jarraikiz, aurretiko hiru estradizio-eskaerak bertan behera geratu eta gero.
Gaurko saioan defentsak bere arrazoibideak aurkeztu ditu; aldiz, Erresuma Batuko Fiskaltzak Espainiaren jarrera defendatuko du.
Hala, defentsak argudiatu du Espainiako Justiziak ''prozesuzko gehiegikeria'' egin duela laugarren epaitegi-prozesu hau abiatuta hirugarrenean jada ebatzitako gai baten inguruan. 2015eko uztailean izan zen hori, eta orduan Espainiak galdu egin zuen. Hain zuzen ere, fefentsak Erresuma Batuko Estradizio Legean jasota dagoen 12A klausulari lotutako puntu legal batean oinarritu ditu bere arrazoibideak. Puntu horren arabera, prozesu judizialak aurrera ez egitea oztopatzen duen "arrazoi bakarra" prozesatua herrialde horretan bertan fisikoki ez egotea dela frogatzea eskatzen dio Estatu eskatzaileari (kasu honetan, Espainian ez egotea).
Halaber, defentsak argudiatu du Troitiño errefuxiatu politiko gisa hartua izan behar dela, 2011n Espainiatik alde egin zuelako Parot Doktrionaren bidegabe aplikaziogatik.
Fiskaltzak, berriz, argudiatu du Troitiñok nahi izan zuelako egin zuela ihes. Halaber, defendatu du Auzitegi Nazionalak agortu dituela jada Troitiñorekin hitz egiteko mekanismo guztiak.
Auzitegi Gorenaren balizko epaian espero da Espainiak 12A atala bete ote zuen ala ez ebaztea, eta, horrenbestez, estradizioa eskatu aurretik bere eskura zituen baliabide guztiak erabili zituela Troitiñorekin harremanetan jartzeko, besteak beste, bideokonferentzia.
Joan zen ekainean, Howard Riddle epaileak Troitiño estraditatzea onartu zuen. Bere aburuz, Espainiako Estatuak eginahalak egin ditu Troitiño urrutitik elkarrizketatzeko, eta, ondorioz, Espainian bere aurkako prozedurak aurre egin ez dezan dagoen arrazoi bakarra hura bertan ez egotea da.
Epaile horrek ETAko kide izatea egozten dion karguagatik baino ez zuen onartu Troitiñoren estradizioa; izan ere, aurretiko prozesu batean epaile berak bertan behera utzi zuen agiriak faltsutzearen kargua.