Politika -
Negoziazioak
Akordioak bilatzeko agiri bat eman dio EH Bilduk Elkarrekin Podemosi
Koalizio abertzaleak aurkeztutako dokumentuari beste agiri batekin erantzungo dio alderdi moreak. Aldi berean, Otegi EAJrekin akordioak adosteko prest agertu da.
Agentziak | Erredakzioa
Agiri bat laga dio gaur EH Bilduk Elkarrekin Podemosi. Koalizio abertzaleak aurkeztutako dokumentuari beste agiri batekin erantzungo dio alderdi moreak. Akordioak bilatzeko hiru esparru jasotzen ditu abertzaleen proposamenak: soziala, subiranotasuna eta bake eta bizikidetza.
Gizarte politiketan Elkarrekin Podemosekin akordioak lortzeko “aukera handiak” daudela ziurtatu du Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak. Era berean, “subiranotasuna berreskuratzeko bidean” eta bakegintza zein normalizazio esparruetan “zintzilik geratzen diren kontuak behin betiko” ixteko lanean aurrera egiteko aukera dagoela uste du ordezkari abertzaleak.
Aldi berean, EAJrekin akordioak adosteko prest agertu da Otegi, nahiz eta aukera horrek Elkarrekin Podemos “kezkatu”, Lander Martinez bozeramaileak gaur onartu duenez.
Otegik eta Martinezek Eusko Legebiltzarreko korridoreetan egin dituzte adierazpenak, bi koalizioetako ordezkaritzek bigarren bilera egin ondoren.
EAJk EH Bildurekin eta PSE-EErekin egin beharreko bilerei begira, “mahai gainean programa badago akordiorako edozein formula” adosteko prest daudela berretsi du Otegik.
Desadostasunak aurrekontu eta gai sozialetan
Hala ere, EAJrekin aurrekontu eta gizarte politikan desadostasunak “bistakoak” direla onartu du EH Bilduko ordezkariak, baina “borondatea baldin badago saihestezinak” ez direla erantsi du. Zentzu horretan, “Eusko Jaurlaritzaren politikek ezkerrera biratzea” eskatuko dutela gaineratu du Otegik.
Aurreko bileretan EH Bilduk aurkeztutako akordio proposamenari EAJk erantzun bat ematea espero du Otegik.
Bestalde, ezkerreko gehiengoak osatzeko borondatea berretsi du Martinezek. Horregatik, EH Bilduk eta PSE-EEk “EAJrekin dituzten negoziazioetan arreta jartzea kezkarekin” ikusten du Elkarrekin Podemosek, “eta ez gizarte politikak garatzeko akordioetan”.