Politika -
Bilbon
Azkunak "ideia guztientzat errespetua" eskatu du gudarien omenaldian
Eusko Jaurlaritzako eta Batzar Nagusietako ordezkariek, Gerra Zibilean herritarren ebakuazioan laguntzeko Artxandara igo ziren gerlariak gogoratu dituzte.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak instituzio demokratikoak "beti" errespetatzea eskatu du, "ideia guztientzako, hitzarentzako eta bakearentzako" errespetua exijituz, Artxandan urtero Aterpe 36 elkarteak antolatzen duen gudarien omenaldian.
Ekitaldian Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramalea, Ana Madariaga Batzar Nagusietako presidentea, Iñaki Anasagasti senataria eta Txema Oleaga PSEko zinegotzia izan dira, beste batzuen artean.
Aterpe 36 elkarteak "herritarren ebakuazioan laguntzeko Artxandara igo ziren Gerra Zibileko gudariak" gogoratu ditu, "ideologiari garrantzirik eman gabe indarrak batu zituztelako askatasuna eta urratutako eskubideak babesteko, ez 36ko Gerran bakarrik, baizik eta ondorengo diktadura frankistan ere", azaldu du Udalak.
Azkunak ETAk Eduardo Puelles polizia hil zuela urtea bete dela gogoratu du ere eta "bere izaera eta bere ideiak errespetatzen ez zituztelako hil" zutela adierazi du.
Ekitaldiaren amaieran lore-eskaintza egin dute 2006an jarritako eta ''Urratsa'' deituriko Gudariaren monumentuan.