Politika -
Nafarroako Parlamentua
PPk osoko zuzenketa iragarri du Nafarroako aurrekontuen aurka
Nafarroako Gobernuak egindako kalkuluak "zuhurtziagabeak" direla esan du Ana Beltran PPko Nafarroako bozeramaileak. "Errealitatearekin eta legearekin" bat ez datozela adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Ana Beltran PPk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak iragarri duenez, osoko zuzenketa aurkeztuko dute popularrek Gobernu nafarrak 2017rako egindako aurrekontu-proiektuaren aurka, "zuhurtziagabeak izateaz" gain, "errealitatearekin bat ez datozela" uste dutelako.
"Zuhurtziagabeak ez ezik, arduragabeak dira, eta ez datoz errealitatearekin eta legediarekin bat", adierazi du Beltranek hedabideen aurrean egindako agerraldian. Era berean, bozeramaile popularrak ezbaian jarri du Nafarroako exekutibak egindako diru-sarreren eta gastuen kontaketa.
PPren aburuz, proiektuan zehaztutako diru-sarrerak "baikorregiak" dira eta, horrez gain, Uxue Barkosen kabineteak onartutako erreforma fiskalaren "ontasun ankerra eta mingarria" paperean islatzea du helburu.
2016ko diru-sarrerak aurreikusitako kopurura iristen ez diren arren, Nafarroako Gobernuak 2017rako ugaritu egin du aurrekontua. Hori dela eta, gastuak eta diru-sarrerak ez direla bat etorriko esan du Ana Beltranek; beraz, aurten dagoeneko % 0,7a gaindituko duen defizitean islatuko dela ere nabarmendu du.
Gastuei dagokienez, Hitzarmen Ekonomikorako ezarritako zatiari 100 milioi falta zaizkiola salatu du, legeak eskatutakoa betetzeko.
Bestalde, bozeramaile popularrak zalantzan ipini du Oinarrizko Errentari esleitutako zenbatekoa, 12 milioi euro falta direla argudiatuta. Aldi berean, kritikatu egin du 2017ko proiektuan langile publikoei zor zaien dirua (2012ko aparteko soldata) eta itunpeko irakaskuntzako soldatei dagokien igoera (%1) ez gehitu izana.
Azkenik, Ana Beltranek garapen ekonomikoan egindako "itxurazko gastua" gaitzetsi du, urrian urte osorako aurreikusitakoaren erdia baino ez baitzen erabili oraindik. Izan ere, Gobernu nafarraren lehentasuna ez dela lana sortzea adierazi du, baina bai, ordea, euskal kontuekin, euskararekin eta euroerregioarekin zerikusia duen guztia.