Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Celaa: "Eskola publikoa politizatzeko tentazioak daude"

Hezkuntza sailburuak ukatu egin du irakasle murrizketak egingo dituztela, baina "baliabideak doitu" beharra dagoela gaineratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hizpide hartu ditu bere Sailak ustez egin asmo dituen irakasle murrizketen aurka izandako protestak.

Hori horrela, "eskola publikoaren sektore batzuk politizatzeko tentazioak" daudela salatu du Radio Euskadin gaur goizean egindako elkarrizketa batean.

Celaak adierazi du bere Sailean prestatzen ari diren neurriak ez direla "murrizketak", baina une honetan "baliabideak doitu" beharra dagoela erantsi du.

Hitzartutako hezkuntzan murrizketak egiteko proposamenean atzera egin ezean langileek protestak deituko dituztela eta, sailburuak gogorarazi du zentro horiek "diru publikoarekin" sostengatzen direla.

"Esfortzua guztioi eskatzen zaigu", esan du.

Bestalde, Hezkuntza Sailak euskarari ematen dion tratuaren inguruan unibertsitateko hainbat irakaslek egindako kritikei dagokienez, Celaak ziurtatu du "euskara indartzeko, elebitasuna errotzeko eta ingelesa sustatzeko" lan egingo dutela, "hurrenez hurren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea