Politika -
Frantzian
Ripoll eta Gainza ETAko kideei 7 urteko kartzela-zigorra ezarri diete
Era berean, Alaitz Areitiori bost urteko espetxe-zigorra ezarri diote. Hiru auzipetuak errudun aurkitu ditu Pariseko Auzitegiak.
Erredakzioa
Iñigo Ripoll Estarta eta Urtzi Gainza Salinas ETAko kideei zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diete, eta bost urteko espetxe-zigorra Alaitz Areitiori. Hirurak ETAko talde militarreko kide izateagatik epaitu dituzte.
Marc Bourrague auzitegiko presidenteak irakurritako epaiaren arabera, hiru auzipetuak errudun jo ditu epaitegiak, eta sententzia bete ostean Frantziatik behin betiko kanporatzeko agindua eman du.
Maiatzaren 12an egin zuten epaiketa eta hiru akusatuek ETAko kide izatea "onartu eta aldarrikatu" zuten, Bourraguek azaldu duenez. ETA "erakunde terrorista da argi eta garbi", auzitegiko presidentearen hitzetan. Talde militarreko kide direla demostratuta geratu dela esan du epaileak.
Fiskaltzak eskatutako zigorrak baino txikiagoak dira ezarritakoak, izan ere, Ripoll eta Gainzarentzat zortzi urteko espetxe-zigorra eskatu zuen, eta sei urte Areitiorentzat.