Politika -

Bake prozesua

Foro Soziala, Estatuko segurtasun indarren kopurua egokitzearen alde

Bake prozesua bultzatzeko 2013an onartutako gomendioetako bati urgentziaz heldu behar zaiola adierazi du.

Brian Currin Aieteko Foro Sozialean. Artxiboko argazkia: EiTB
Brian Currin Aieteko Foro Sozialean. Artxiboko argazkia: EiTB
Brian Currin Aieteko Foro Sozialean. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herrian "bake-prozesua bultzatu" nahi duten erakundeak eta pertsonak biltzen dituen Foro Sozial Iraunkorrak 2013an onartutako gomendioetako bati urgentziaz heldu behar zaiola ebatzi du. Zehazki, hamargarren gomendioan Estatuko segurtasun indarren funtzioa eta zenbatekoa egungo errealitatera egokitzea eskatzen zuen.

Foro Sozial Iraunkorrak urriaren 22an Aieten eta azaroaren 4an Iruñean antolatutako saioen ondoren, Foro Sozialeko koordinazio organoak bilera egin zuen atzo Donostian eta aipaturiko bi hitzorduen emaitza aztertu zuen.

ETAren armagabetzean, preso eta iheslarien integrazioan eta egia eta memoria babesteko bidean abian jarritakoa indartzea ere defendatu du.

Batzorde tematikoetan alderdi horiek lantzen ari diren bitartean, laugarren ardatzari (giza eskubideak bultzatzeari) eta "bereziki" hamargarrenari (Estatuko segurtasun indarren egokitzapenari) urgentziaz heldu behar zaiola hitzartu du Foro Sozialak. Halaber, estatuko segurtasun eta Polizia indarren kontrolerako mekanismoak indartu behar direla nabarmendu du, erakundeen eta gizarte zibilaren aldetik.

Alderdi politiko guztiei elkarrizketarako deia egiteaz gain, Espainiako zein Frantziako Gobernuei ETAren armagabetzea errazteko edo, gutxienez, ez oztopatzeko eskatu die.

Bestalde, Foro Sozialak kezka agertu du azken hilabete eta erdian gertatutako hainbat jazoerengatik, hala nola, Mikel Irastorza ETAko ustezko buruzagiaren atxiloketa, Altsasuko gertaerak eta presoen senideek izandako istripuak.

Horrelako gertaerak berriz ez errepikatzeko eta bake prozesua eta elkarbizitza integrala babesteko "borondateen dike bat" eraikitzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Presoak ETA albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Bakea eta adiskidetzea Euskadin