Politika -

eusko legebiltzarra

Lehen inbestidura saioa gaur, lehendakaria izendatzeko

Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte dira proposatu dituzten hautagai bakarrak. Saioa 19:00-20:00etan bukatzea espero da, eta bietako inork ez du gehiengo osoa lortuko.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak EAJ eta PSE-EEren artean egindako gobernu-akordioaren lau ardatz nagusiak defendatuko ditu gaur, asteazkena, Eusko Legebiltzarrean egitekoa den lehen inbestidura saioan. Aipatutako akordioaren puntu nagusiak "enplegu gehiago eta hobea", "gizarte oreka gehiago", elkarbizitza gehiago" eta "Autogobernu gehiago eta hobea" dira.

Inbestidura saioa gaur hasi eta bihar, osteguna, bukatuko da. Bigarren saio horretan, Urkullu lehendakari izendatuko dute bozketan, EAJk eta PSE-EEk batzen dituzten 37 botoei esker.

Hautagai jeltzaleak bere proiektua defendatuko du Maddalen Iriarte EH Bilduren hautagaiaren aurrean. Iriartek ez du babes nahikoa izango, koalizioaren 18 botoak baino ez dituelako batuko.

Elkarrekin Podemosen 11 legebiltzarkideak abstenitu egingo dira, nahiz eta azken egunotan EH Bilduk babesa eskatu dion. PPk ere, halaber, abstentzioaren alde egingo du, alderdietatik Europa Press albiste agentziari aurreratu diotenez.

EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa sinatu eta hurrengo egunera egingo da inbestidura saioa. Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia bi alderdietako ordezkari nagusiek sinatu zuten ituna, baita Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak ere.

Enpleguaren hobekuntza, ekonomia suspertzea, babes soziala, zerbitzu publikoak, elkarbizitza, giza eskubideak eta autogobernua hobetzea helburu duen ituna izango da lehendakarigai jeltzalearen hitzaldiaren muina.

Datozen lau urteetarako zeregin nagusietako bat autogobernua eguneratzea izango da Urkulluren Gobernuarentzat. Jeltzaleek eta sozialistek Estatutuaren erreforma egitea adostu dute, legearen barruan, eta, horretarako, ahalik eta adostasun handiena bilatuko dute.

Inbestidura saioa

Saioa 09:30ean hasiko da eta lehendakarigai bakoitzak 90 minutu izango ditu, gehienez, hitz egiteko. Lehenengoa Iriarte izango da, babes gutxiago duelako, eta, ondoren, Urkulluk hartuko du hitza.

Horren ostean, atsedenaldia egingo dute eta saioa 14:30ean hasiko da berriz, Legebiltzarraren taldeen hitzaldiekin, txikienetik handienera, eta 30na minutu izango dituzte.

Lehendakarigaiek, bestalde, 10na minutu izango dituzte erantzuteko eta, ondoren, bertan behera utziko dute saioa. Legebiltzarreko Mahiak bozketa egiteko ordua zehaztuko du orduan, 19:00 edo 20:00ak aldera egitea espero da. Edonola ere, bietako inork ez du lortuko lehen bozketan beharko duen gehiengo osoa. Iñigo Urkullu boto baten faltan geratuko da.

Hori horrela, Urkulluk EAJren 28 legebiltzarkideen eta PSE-EEren bederatzien aldeko botoak jasoko ditu, eta Maddalen Iriartek koalizioaren 18 bozak baino ez ditu izango bere alde.

EAJren hautagaia hurrengo egunean lortuko du babesa, azaroaren 24an, baina bigarren bozketan gehiengo sinplea beharko du. Legebiltzarkideek, euren izena esaten dutenean, babesten duten hautagaiaren izena esan beharko dute, edo abstentzioa adierazi.

Aurreko legealdia

Orain dela lau urte, 2012an, Urkullu lehendakari izendatu zuten bere alderdiaren 27 legebiltzarkideen babesarekin. Inbestidura saioan, Laura Mintegi EH Bilduren hautagaia izan zuen aurrez, eta bigarren bozketan ere izendatu zuten.

Legealdi honetan, Urkullu erosoago egongo da, EAJ-PSE-EEren gobernu koalizioari esker, baina babes gehiago bilatu beharko du ekimenak onartu ahal izateko, gehiengo osotik eserleku batera baitago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak EH Bildu Nafarroa