Politika -
Segurtasuna
‘Polizia demokratikoa, zibila eta gardena’ eskatu du Otegik
Euskal Herriko segurtasun publiko eredu berri baterako oinarrien inguruan hausnarketa sakona egin du EH Bilduk, Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak “Euskal Herriko segurtasun publiko eredu berri baterako oinarriak” aurkeztu ditu Donostian. Ildo horretatik, “herritarrekin dagoen polizia demokratikoa, desmilitarizatua eta gardena” eskatu du Otegik. Halaber, pertsona guztien eskubideak bermatuko dituen segurtasun-zerbitzu publikoa nahi duela gaineratu du.
EH Bilduk “Euskal Herrian Segurtasun Publikoaren eredu berri baterako oinarriak” izeneko bi jardunaldi antolatu ditu Donostiako Iratzar Aretoan, herritarren segurtasun eredu berria definitzeko.
Ostiral honetan, Oscar Padura abokatuak (emergentzietan eta segurtasunean aditua), John Finnie Eskoziako Alderdi Berdeko parlamentariak (polizia buru ohia) eta Conrado Fernandez Badalonako udaltzaingoaren superindenteak hartu dute parte.
Jardunaldiaren helburu nagusia segurtasunaren inguruko hausnarketa sakon eta lasai bati aurre egitea dela esan du Otegik. Era berean, askotan alde batera uzten den gai delikatua dela esan du, baina egitura soziala eta nazionalaren aurrean aldaketak proposatu nahi dituztenek gaia aztertu behar dutela gaineratu du.
“Proposatzen dugun segurtasun eta polizia ereduaren inguruan hausnarketa sakona egin behar dugu”, nabarmendu du Otegik.
Era berean, herrialde honetan egoera lotsagarriak bizi izan dituela esan du, eta etorkizunean egoera ez errepikatzeko esperantza duela ziurtatu du. Ildo horretatik, bihar Altsasun izango den manifestazioan parte hartuko duela iragarri du. Halaber, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egitea egotzita eta terrorismo delitua leporatuta auzipetu dituzten bederatzi gazteei babesa adierazi die.
Halaber, Cabacas kasua erantzunik gabe itxiko dutela deitoratu du. “Seguruenik erantzunik gabe, justizia eta ordainik gabe bertan behera utziko dutela auzia, gertatutakoaren arduraduna nor izan zen jakiteko datu ugari daudela guztiok dakigunean”.
Beste alde batetik, Paco Etxeberria auzitegi medikuak torturen inguruan egindako txostena aipatu du Otegik. Prestigiodun mediku horrek egindako txostenak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta azken hamarkadetan herrialde honetan gutxienez bost mila torturatu egon direla adierazi du.