Politika -
Pentsio sistema
Oposizioak ez du espero Zapaterok Toledoko Ituna beteko duenik
Zapaterok, bere aldetik, ekonomiaren funtsezko gaietan konpromisoa hartzea eta alternatibak aurkeztea eskatu dio Rajoyri eta horrek bost proposamen luzatu dizkio.
Erredakzioa
Pentsio sistemaren erreforma onartzeko, adostasun parlamentarioa jomuga izango duela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. Mariano Rajoy oposizioko buruak baina, ez du espero Zapaterok Toledoko Ituna beteko duenik.
Kongresuko osoko bilkuran, Zapaterok azpimarratu du pentsioen arloan Gobernuak ez duela egitasmo propiorik aurkeztuko. Hori horrela, Parlamentuaren ondorioak aintzat hartuko dituela azaldu du eta ondoren, taldeak ados badaude, erreforma lege proiektu bezala tramitatuko dute.
Horrela, Rajoyren kritikei erantzun dio Zapaterok eta ekonomiaren funtsezko gaietan konpromisoa hartzea eta alternatibak aurkeztea eskatu dio PPko buruari. Horrek bost proposamen luzatu dizkio: pentsioak ez izoztea, BEZa ez igotzea, funtzionarien soldatak ez murriztea, hitzarmen kolektiboaren arautzea eta formazioa lan erreforman sartzea eta zerga gehiagorik ez igotzea.
Joan Ridao ERCko bozeramaileak, halaber, Toledoko ituna "izorratzea" aurpegiratu dio Espainiako presidenteari eta "dekretukada soziala"ren eta lan erreformaren ostean, anabasa eragin izana gaitzetsi dio.
De la Vega eta Saenz de Santamariaren arteko ika-mika
Exekutiboa "bakardade parlamentarioaren eta giza isolamenduaren berdin-berdina dela" adierazi du Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramaileak. Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak erantzun dio "guztiari ezetz esaten diona dela bakarrik dagoena".