Politika -

Segovian atzeman dute

GALen kide izandako irundar bat atxilotu dute, jihadismoagatik

"Garraiobideetan ekintza suizidak egiteko prest zegoen", Barne Ministerioaren arabera. Bigarren gizonezko bat atxilotu dute Segovian, Daniel Fernandez Aceñarekin harremana duelakoan.

Atxiloketa izan den unea. Argazkia: Guardia Zibila
Atxiloketa izan den unea. Argazkia: Guardia Zibila
Atxiloketa izan den unea. Argazkia: Guardia Zibila

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Irungo gizaseme bat atxilotu du gaur Segovian, jihadismoa leporatuta. 1984an Jean Pierre Leiba hiltzeagatik zigortu zuten, GALeko kide gisa. Barne Ministerioaren arabera, azkenaldian bere burua jihadismoan trebatu du, eta "atentatua egiteko prest zegoen".

Barne Ministerioaren hitzetan, gizona "oso arriskutsua da", eta ez dute baztertu suzko armak izatea. Hori horrela, Guardia Zibilaren unitate berezi bat joan da hura atxilotzera. EFE albiste-agentziak ikerketaren iturriak aipatuta jakinarazi duenez, Daniel Fernandez Aceña da atxilo hartutakoa.

Froga bila, gizonak Segovian duen etxea eta Segoviako La Granja udalerriko beste bat miatzen ari dira agenteak. ISISeko beste taldekide batzuekin loturarik duen ere ikertzen ari dira.

Barne Ministerioak ohar baten bidez emandako azalpenen arabera, atxilotuak bere burua "muturreko jihadismoan trebatu du, eta ISISen propaganda banatzen zuen. Are gehiago, atentatu terrorista bat egiteko asmoa zuen". Iturri horren esanetan, irundarra Afganistanera, Siriara eta Palestinara joandakoa da, eta bidaiotan "ekintza suizidak" egiteko prest azaldu da.

Gizonak propaganda jihadista partekatzen zuen sare sozialetan sarri. Udaz geroztik, erradikalago agertu da, eta Europan azken hilabeteetan egindako atentatuak babestu ditu.

Erradikalizazio prozesu horren lekuko, atentatu bat egiteko bitartekoak bilatzen saiatu da azkenaldian, eta "garraiobideetan ekintza suizidak egiteko prest agertu da".

Bigarren gizonezko bat atxilotu dute Segovian, Daniel Fernandez Aceñarekin harremana duelakoan

Guardia Zibilak bigarren gizonezko bat atxilotu du Segoviako Valsain udalerrian. Ikerketako iturriek azaldu dutenez, Daniel Fernandez Aceñari buruz galdetu nahi diote.

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek adierazi dutenez, oraingoz ez diote jihadismoarekin lotutako deliturik leporatzen bigarren atxilotuari.

29 urteko kartzelaldia ezarri zioten 1985ean

Hendaian, 1984an, Jean Pierre Leiba trenbideetako langilea hiltzeagatik, 29 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Fernandez Aceñari 1985ean.

Auzitegi Nazionalak GALen Jaizubia taldeko kide izatea egotzi zion, eta Leibaren hilketagatik zigortu zuen, Mariano Moraleda Muñozekin batera. Krimena azpikeriaz egin izana eta armak legez kanpo izatea leporatu zion epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Jihadismoa albisteak Irun