Politika -
Duela 15 urte bahitua
Publio Cordonen emaztea ikerketa aurrera eramaten saiatuko da
Aragoiko enpresaria leku ezezagunean dago 1995. urtean GRAPOk bahitu zuenetik. Emazteak ez dauka ikerketaren inolako berririk.
Erredakzioa
1995. urteko ekainaren 27an GRAPOk Publio Cordon Aragoiko enpresaria bahitu egin zuen eta ordutik leku ezezagunean dago, gorpua oraindik aurkitu ez dutela.
15 urte igaro ostean, Pilar Muro enpresariaren emazteak ikerketen jarraipena bultzatzen saiatuko dela adierazi du. "Gaur, oroimena inoiz baino gogorrago dator", gehitu du.
Emakumeak bahiketa argituko denaren itxaropena ez du galdu inoiz, baina geroz eta "zailago" ikusten du, "gaur egun", ez baitauka horren berririk, "ezer ere ez", ikerketei buruz.
Pilar Murok adierazi duenez, ez du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroarekin hitz egin, eta ez du egiteko asmorik, baina noizbait agian elkarrizketaren bat eskatuko du ikerketen egoera jakiteko eta zerbait gehiago egin daitekeen jakiteko.
Publio Cordon Zaragozan bahitu eta Frantziara eraman zuten. Familiak 400 milioi pezeta ordaindu zituen enpresariaren truke, baina ez zuten inoiz askatu. Fernando Silva Sande GRAPOko kide baten arabera, Cordon erori eta hil egin zen Frantzian, eta Mont Ventouxeko mendi eremu batean lurperatu zuten, Frantziako hego-ekialdean. Poliziak zonalde hori arakatu egin du, baina emazteak dioenez, ez dute ezer aurkitu eta bertan behera utzi dute bilaketa.
Silva Sanderi 28 urteko kartzela zigorra ezarri zioten bahiketagatik, eta Pilar Muroren ustez "iruzurrera jolasten ari da", bere garaian onartutako ezer ez baitute egiaztatu.