Politika -

Diputatuen Kongresua

Alderdi guztiek bat egin dute, ETAren Biktimen Legea erreformatzeko

Berritasunetako bi hauek dira: 1960tik aurrera izandako atentatuak hartuko dituzte kontuan (orain arte 1968tik izandakoak zenbatu dituzte) eta mehatxuak jasotzen dituztenak ere biktima izango dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko talde parlamentario guztiek bat egin dute ETAren biktimak babesteko eta Terrorismoaren Biktimen Legea erreformatzea berretsi dute. Alderdi Popularrak eta UPyDk ETArentzat "ate guztiak itxita" egon behar direla esateko aprobetxatu dute bilkura.

Talde ezberdinetako bozeramaileak eguerdian elkartu dira Biktimen Legea erreformatzeko lege-proposamena Kongresuan erregistratzeko. Egitasmoa PPk eta PSOEk bultzatu zuten, biktimen elkarteen laguntzarekin, eta azkenean gainerako talde guztiek egin dute bat.

Proiektu honen bidez 1999ko legea erreformatuko da. Nobedadeetako bat da 1960. urtetik aurrera izan ziren atentatu guztiak hartuko dituztela kontuan; orain arte 1968. urtean zegoen muga hori, ETAk Jose Pardines Arcaya guardia zibila hil zuenean.

Biktimei asistentzia osoa emateko plana ere aurrikusten du, hala nola, atentatua izan eta berehala eman beharreko laguntzak, osasun asistentzia, nahiz etxebizitza, enplegua eta hezkuntzarako eskubidea bermatzea.

Hauek dira beste berritasun batzuk: mehatxuak jasotzen dituen laguna terrorismoaren biktima izendatuko dute; Europar Batasunetik kanpo gertatzen diren atentatuetako biktima espainiarrak aintzak hartuko dituzte; leku publikoetan terrorismoa nabarmenkeriaz edo umiliatzeko asmoz erakustea debekatuta egongo da; biktimek eskubidea izango dute epaiketa batean ustezko terroristak ez ikusteko eta ez entzuteko; biktimei eskainiko zaizkien dominak eta ohore publikoak erregulatu egingo dituzte.

Kalte-ordainak

Horrez gain, testu berriak indemnizazioen zenbatekoak zehazten ditu: heriotzagatik (250.000 euro); bahiketagatik eta balioezintasunagatik (75.000 euro ordainduko dizkiote balioezintasun iraunkor partziala duenari, 100.000 euro balioezintasuna iraunkor osoagatik, 180.000 balioezintasun iraunkor erabatekoagatik eta 500.000 balioezintasun handiagatik.

Urte hauetan guztietan zenbateko txikiagoak jaso dituzten biktimek eskubide osoa izango dute zor zaiena erreklamatzeko eta kobratzeko.

Bestalde, erantzukizun zibilari dagokionez, Estatuak gehienez bere gain hartuko dituen gehienezko kantitateak ere zehazten ditu lege-proiektuak, antzeko kasuen aurrean epaileek hartzen dituzten erabaki ezberdinak ekiditeko asmoz.

Zehazki, Estatuak 500.000 euro ordainduko ditu heriotzagatik; 750.000, balioezintasun handiagatik; 300.000 euro erabateko balioezintasun iraunkorragatik; 200.000 balioezintasun iraunkor osoagatik; 125.000 balioezintasun iraunkor partzialagatik; eta 100.000 bestelako zauriengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea