Politika -

Hauteskunde Legearen erreforma

Kongresuak Hauteskunde Legea zorroztuko du, Alderdien Legetik harago

Besteak beste, ondokoa proposatzen du: hautetsi bati kargu publikoaren akta erretiratzeko aukera eta ezker abertzaleko kideek "kutsatutako" zerrendak baliogabetzeko epea luzatzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko Batzorde Konstituzionalak ebazpen bat onartu du gaur Batasuna edo legez kanpo utzitako beste edozein alderdiri hauteskundeetan parte-hartzeko aukera gehiago oztopatzeko asmoz, eta beste neurri batzuen artean, hautetsi bati kargu publikoaren akta erretiratzeko aukera planteatzen du.

PSOE, PP eta Coalicion Canariaren botoen babesarekin, Batzorde Konstituzionalak onartu egin du azken urte eta erdian Hauteskunde Legearen erreformarako egindako txostena. Hurrengo urratsa proposamena lege bihurtzea izango da.

Legezkoa den alderdi baten zerrendak baliogabe uztea proposatzen du erreformak, baldin eta bere baitan ezker abertzaleko kideak hartzeko erabili bada. Gainera, "bateraezintasun" figura sortuko dute, udaletxeetako, diputazioetako edo gorteetako hautetsientzat.

Testuinguru horretan, hautetsiak bi aukera izango ditu: karguari uko egitea edo "bateraezintasun hori eragiten duen egoerari uko egitea", eta horrek terrorismoa berriro gaitzetsi beharra suposatzen du.

Bestalde, "kutsatutako" zerrendak baliorik gabe uzteko epea luzatu egingo dute: hauteskunde-eguna baino zazpi egun lehenagora arte; orain arte epe hori hauteskunde-kanpaina hastean bukatzen zen. Gauzak horrela, Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak denbora gehiago izango dute hauteskunde-zerrenden aurka helegiteak aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea