Politika -
Auzitegi Nazionala
Joan Coma CUPeko zinegotzia aske geratu da
Fiskaltzak Vic udalerriko (Bartzelona) CUPeko zinegotziari pasaportea kentzea eskatu du. "Desobedientziaren logika" aplikatzen jarraituko duela esan du irtendakoan.
Agentziak | Erredakzioa
Vicente Gonzalez Mota Auzitegi Nazionaleko fiskalak Joan Coma Vic udalerriko (Bartzelona) CUPeko zinegotziari pasaportea kentzea eskatu du. Coma Ismael Moreno epailearen zitazioari ez erantzuteagatik atxilotu zuten, Udalbatzarrean sediziora bultzatzea egotzita, eta, auzitegitik irtendakoan, Kataluniari autodeterminazioa aitortu arte "desobedientziaren logika" aplikatzen jarraituko duela esan du.
Abokatuak, Benet Salellas CUPeko diputatuak, jakitera eman duenez, Comak deklarazioan esan du ez duela auzitegi bat bera ere ezagutzen zapaldutako “herrien eskubide politikoak errespetatzen ez dituena”, haren ustez, kausa honetan.
Hori izan da zinegotziak emandako azalpena, urriaren 24an Ismal Morenoren aurrean ez agertzeko arrazoiengatik Ministerio Publikoak galdetu dionean.
Ministerio Publikoaren eskaeraren ostean Coma aske geratu da, haren kontrako epaiketa iritsi bitartean. Magistratuak sediziora bultzatzearen delitua leporatzen dio udaleko osoko bilkura batean egindako hitzaldiagatik, Espainiako auzitegiei ez obeditzea apelatu zuen, Parlamentuaren proklamazioaren babes-mozio batean. Tortila bat egiteko arrautzak haustea beharrezkoa dela ohartarazi zuen.
Fiskala desobedientzia zibilean eta esaldi horren esanahian zentratu da. “Fiskalak ea tortila hitzak zer esan nahi zuen galdetu dio, tortila Estatua ala legeak diren, eta zer den arrautzak puskatzea, indarkeria erabiltzea edota haustura estrategia”, azaldu du Salellasek.
Aldaketa sozialerako eta demokratikorako desobedientzia zibila tresna baliagarria dela adierazi du Comak, eta horren erabilgarritasuna eta iraunaldia aldarrikatu ditu.