Politika -
Aurrekontuak
Bilboko 2017rako aurrekontuak onartu dituzte
Gobernu taldeak (EAJ-PSE) ELAk eta LABek kontuei jarritako alegazioak baztertu ditu, eta, berriro bozkatuta, datorren urterako aurrekontuak onartu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Udaleko osoko bilkurak 2017rako aurrekontuak onartu ditu gaur behin betiko, azaroaren 30ean ere onartu ondoren, ELA eta LAB sindikatuek langile arlora bitarteko gehiago bideratzea eskatzeko jarritako alegazioak gaurko saioan alboratuta.
Udalaren datorren urteko kontu publikoak (527,9 milioi euro izango dituzte eskura agintariek, 2016an baino 18,1 milioi gehiago) azaroaren 30ean ere onartu zituzten, udal gobernuko (EAJ-PSE) zinegotziek aldeko botoa emanda. PP abstenitu egin zen, eta kontrako bota eman zuten, ostera, EH Bilduren, Udalberriren eta Goazen Bilbaoren ordezkariek.
Ezohiko osoko bilkura batean, ELA eta LAB sindikatuek aurrekontuari jarritako objekzioak eztabaidatu dituzte, langile elkarteek oinarrian langile arlora bitarteko gehiago bideratzea eskatu eta gero.
Gaurko bozketan, azaroaren 30ean erakutsitako jarrerei eutsi dizkiete alderdiek: EAJk eta PSEk alegazioak baztertu dituzte, eta 2017rako aurrekontuak babestu dituzte ostera ere; PP abstenitu egin da bi kontuetan; eta EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek ELAren eta LABen eskariak aintzat hartu dituzte eta aurrekontuen aurka egin.