Politika -
Elkarrizketa ETB2n
Quiroga Patxi Lopezi buruz: 'Aldaketa lortzeko ahalegintzen ari da'
Quirogak aitortu duenez, Legebiltzarreko biktimen omenaldian egin zuen agurra "ETAko biktimei soilik zuzenduta zegoela eman zezakeen" arren, bere asmoa terrorismoaren "biktima guztiak biltzea" zen.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak "aldaketa lortzeko ahalegin handia egiten ari" dela baieztatu du Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak eta "Madriletik datozen zenbait arazo" dituela aitortu du.
ETB2ri eskainitako elkarrizketan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren politikak Patxi Lopezen jardunean "ezegonkortasuna eragiten duten fronteak" direla adierazi du Quirogak.
Bestalde, gaurtik indarrean dagoen Abortuaren Legeari buruz, Quirogak uste du "hilketa" bat dela eta araudiak, abortua "emakumeak askeago bilakatzen dituen eskubide bat" den ideia zabaltzen duela kritikatu du.
Biktimei omenaldia
Iragan ostiralean Ganbarak indarkeriaren biktimei eskainitako omenaldiari dagokionez, "bertan egon zen biktimaren bat ordezkatuta sentitu ez bazen" barkamena eskatu du Quirogak.
Legebiltzarreko presidenteak aitortu duenez, Eusko Legebiltzarreko biktimen omenaldian egin zuen agurra "ETAko biktimei soilik zuzenduta" zegoela eman zezakeen arren, bere asmoa terrorismoaren "biktima guztiak biltzea" zen.
"Batasuna ETA da"
Ezker abertzalearen barne hausnarketari buruz, "primeran ezagutzen dugun agertokia eta filma" dela iritzi du Quirogak eta ETA alde batera uztea eskatu dio, izan ere, Quirogaren esanetan, une honetan "Batasuna ETA da".
Hori dela eta, "indarkeria gaitzesten ez dutenak zerrendetan sartzea" ekidingo duenez, PSOEk eta PPk bultzatutako hauteskunde legearen erreformaren garrantzia azpimarratu du Legebiltzarreko presidenteak.