Politika -
Operazioa
Atxiloketek 'publizitate kiratsa' dutela esan du PPk
Operazioaren "puntu ilun" guztiak "berehala argitzeko" eskatu dio Barne ministroari Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordeak.
Erredakzioa
Atzo, Alacanten, egindako atxiloketak "ilunak" izan ziren eta "publizitate eta politika kiratsa dute", Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordearen ahotan. Ponsek azaldu duenez, Jose Luis Rodriguez Zapaterori bidea erraztu nahi diote atxiloketek, "bere bizitzako nazio eztabaida zailenaren aurrean".
PPko egoitzan emandako prentsaurrekoan, Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiko dokumentu bat erakutsi du Gonzalez Ponsek, komunikabideen aurrean Poliziak gezurra esan zuela baieztatzeko. Ponsen arabera, ez zen agindu judizialik izan eta atxiloketak Madrilen erabaki zituzten, baita data eta ekiteko "modu ikusgarria" ere.
Horregatik, operazioaren "puntu ilun" guztiak "berehala argitzeko" eskatu dio Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordeak. PPk gertakarien baloraziorik egingo ez duela jakinarazi du idazkariordeak eta Jose Joaquin Ripoll Alacanteko Diputazioko presidentearen atxiloketak Gobernu zentralaren aldeko publizitatea egiteko xedea duela erantsi du.
Rubalcaba Barne Ministerioko buruzagi izanda "berme konstituzionalak, oinarrizko eskubideak eta Zuzenbide Estatua arriskuan dira", gaineratu du Gonzalez Ponsek.
Ripoll
Bestalde, Jose Joaquin Ripoll Alacanteko PPko eta Diputazioko presidenteak agerraldi laburra egin du gaur, bere atzoko atxiloketaz hedabideen aurrean hitz egiteko. Atxiloketa horren arrazoiak ez dakizkiela nabarmendu du eta Mariano Rajoyren "babesa" jaso zuela gaineratu du.
Agerraldian, Alacanteko Diputazioko presidenteak garantiza kendu dio atzoko atxiloketari. Karguekin libre utzi zuten atzo Ripoll, 12 orduz atxilotuta egon ondoren. Gaur, Diputaziora joan da lanera, egun normal batean bezala.
Kazetarien galderei erantzunez, zergatik atxilotu duten ez dakiela esan du Ripollek. Bihar, epailearen aurrean egon beharko da.
Horrez gain, bere etxean ez zutela dirurik aurkitu azpimarratu du (zenbait hedabidek horrela esan zuten atzo, polizia iturriak aipatuz).