Politika -

Manifestaldia larunbatean

Protesta 'bozgorailu bat' izatea nahi dute EAk eta ezker abertzaleak

"Euskal gizartearen nahiek ez dute lekurik Espainiako Konstituzioan", errepikatu dute alderdiek Donostian emandako prentsaurrekoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostian, larunbatean, egin beharreko manifestazioari "nortasun propioa" eman nahi diotela esan dute gaur Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak, ''Nazioa gara. Autodeterminazioa'' lelopean. Euskal gizartearen "nahi nazional legitimoak adierazteko bozgorailua izatea" nahi dute alderdi horiek. Era berean, Auzitegi Konstituzionalak Estatutari buruz hartutako erabakiaren ostean elkartasuna adierazi nahi diete Kataluniako herritarrei.

Donostian emandako prentsaurrekoan, Konstituzionalaren erabakiak "Kataluniako herriaren subiranotasunari zuzenean eraso egiten" diola uste dute alderdiek, "eta Espainiako Erresuman bizirik irauten duten herri guztien nahi nazionalei mugak jartzen dizkie".

"Euskal gizartearen nahiek ez dute lekurik Espainiako Konstituzioan", errepikatu dute, eta "euskal gizarteak bere etorkizuna erabaki dezan, borondate politikorik ez du Espainiako Estatuak, Gobernuan den alderdia edozein izanda ere".

Nazionalismo espainiar "garratza"

"Borondate falta horrek Kataluniako Estatutua ukapen portu berdinera heltzea ekarri du, aurretik Euskal Herritik ateratako ekimen guztiekin egin bezala", azaldu dute EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak. Nazionalismo espainiar "garratza" dela esan dute, izan ere, "bere aberria baino ez du onartzen, berea da borondate bakarra".

Alderdi hauen arabera, Kataluniako herriari babesa emateko eta elkartasuna adierazteko modurik onena "Euskal Herritik herri bezala ditugun eskubideak aldarrikatzea da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea