Politika -
Hauteskundeen luzapena
Ramiro Gonzalezen esanetan, EH Bilduk Urtaran 'zigortu' nahi izan du
Arabako ahaldun nagusiaren aburuz, Gasteizko Udaleko aurrekontuak ez babesteko erabakiak 'ez du arrazoizko azalpenik'.
Agentziak | Erredakzioa
Ramiro Gonzalez (EAJ) Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan, Gasteizko Udaleko aurrekontuak luzatu behar izatea EH Bilduk Gorka Urtaran alkatea zigortu nahi izan duelako gertatu da, eta, bere iritziz, "hein handi batean" alderdi horren bozeramailea den Miren Larrionen "erabaki pertsonal bati" erantzuten dio.
Laudioko San Blas azokara egindako bisitan, Gasteizko Udaleko osoko bilkurak ostiralean 2017ko aurrekontuen proiektua baztertu izanaz hitz egin du Gonzalezek. Modu horretan, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeak 2016ko kontuen luzapena kudeatu beharko du.
Onartu duenez, PPren jarrera "espero zitekeen", baina "berritasuna" EH Bilduren erabakia izan da; izan ere, aurreko urtean Diputazioan zein Gasteizko Udalean kontua adostu zituen, eta aurten baita berriz ere Diputazioan, baina "uko egin dio" Gasteizko aurrekontuak onartzeari.
Azaldu duenaren arabera, erabaki horren atzean dagoen "arrazoi bakarra Gorka Urtaran alkatea zigortzeko asmoa da". Zigor horrek "ondorio praktikoak" izango dituela ohartarazi du, "aurrera ateratzeko zailtasunak izango dituzten proiektu zehatzak baitaude".
Bere iritziz, EH Bilduren jarrerak "ez du arrazoizko azalpenik, anbizioarena ez bada". "2019ko hauteskundeetarako begira jartzeko presa handiegia. Herritarren eta hiriaren interesei begiratu ez eta norberaren interesak besterik ez ikustea", azaldu du.
Azkenik, bere ikuspegitik, gertatutakoak "hein handi batean" alderdi horren bozeramailea den Miren Larrionen "erabaki pertsonal bati" erantzuten dio.