Politika -
Galdeketak EAE-N
Udalek Espainiako Gobernuaren baimena beharko dute galdeketak deitzeko
Bestalde, Javier de Andresek jakinarazi du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak erretiratu egin dituela euskaraz komunikatzeagatik 30 udalen kontra jarritako helegiteak.
Agentziak | Erredakzioa
Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak udalak ohartarazi ditu, herri-galdeketak antolatzeko Espainiako Gobernuaren baimena behar dutela esanez.
De Andresek agerraldia egin du, Gobernu zentralak eta Eusko Jaurlaritzak egindako aldebiko bileraren inguruko xehetasunak emateko. Batzar horren ondorioz, Espainiako Gobernuak Eusko Legebiltzarrak onartutako Udal Legearen kontrako errekurtsoa erretiratu zuen.
Lege horrek kontsulta deitzen arautzen du, baina bi gobernuek egindako bileran galdeketak antolatzeko udalek bete behar dituzten baldintzak zehaztu zituzten.
De Andresek azaldu duenez, galdeketa herri osoari eragiten dion gai baten ingurukoa bada, ezinbestekoa izango da Udalak Espainiako Gobernuaren oniritzia lortzea kontsulta deitzeko.
Aitzitik, galdeketa herriko bizilagun guztiei zuzenduta ez badago eta herritar guztiak botoa ematera deituta ez badaude, Udalak ez du Espainiako Gobernuaren baimena beharko kontsulta antolatzeko.
Euskararen erabilearen aurkako helegiteak, bertan behera
Bestalde, Javier de Andresek jakinarazi du udalek administrazioarekiko komunikazioetan euskara erabiltzearen aurka Carlos Urquijok jarri zituen 30 errekurtsoak erretiratu egin dituztela.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen helegite horietako bat, udalak euskaraz soilik komunikatzeko eskubidea duela ebatzita.
Ebazpen judizial horren ondotik, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak errekurtso guztiak atzera botatzea erabaki zuen.
"Modu erraz batean esateko, epaiak dio Administrazio Publiko batek beste administrazio batekin euskaraz eta gazteleraz komunikatzeko eskubidea duela eta, ondorioz, aktak euskaraz edo gazteleraz igortzeko eskubidea duela", erantsi du De Andresek.