Politika -

Bilera egingo dute

Aralar Batasuna eta EArekin bilduko da, haien akordioa kritikatzeko

Patxi Zabaletak ETBn esan duenez, bilera datorren astean izango da eta Euskalduna Jauregian sinatutako akordioari kritikak egiteaz gain, bestelako gaiak eztabaidatzea proposatuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak jakitera eman duenez, datorren astean ezker abertzalearekin eta Eusko Alkartasunarekin bilera bat egingo dute, bi sektore politiko horiek Euskalduna Jauregian iragarri zuten hitzarmenari egin dizkioten kritikak azaltzeko. ETBn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, bilera hori ezker abertzaleak eta EAk eskatuta egingo dute, baina oraindik data zehaztu gabe dago. Aralarren aburuz, hitzarmen horrek "gabezia asko ditu, batez ere ezkerreko postulatuei dagokienez". Alabaina, ez dira kritikak egitera mugatuko eta beste gai batzuk eztabaidatzea ere proposatuko dute. Aralarrek ezker abertzalearekin eta EArekin dituen ezberdintasunak agerian geratu dira berriro aste honetan, azken biek larunbat honetarako Donostian autodeterminazioaren aldeko manifestazioa deitu zutenean.

Zabaletaren esanetan, "berriro agerian geratu da Batasunarekin eta harekin bat egin duten alderdiekin ezberdintasun ideologikoak ditugula erabakitzeko eskubidea aldarrikatzerakoan eta gai hori erabakigarria izango da etorkizunean".

Zabaletak azpimarratu du Aralarrentzat helburua "inor ez baztertzea" dela eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenarekin bat datozen "demokrata guztiak" batzea. Gauzak horrela, Aralarrek ez du Donostiako martxarako deialdia egin, baina bertan izango dira. Bartzelonan Estatutaren eta autodeterminazioaren alde egingo den manifestaziora ere ordezkaritza bidaliko dute eta begi onez hartu dute ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak gauza bera egitea erabaki izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea