Politika -

Ihes egiteko arriskua

Otegi espetxean mantentzeko erabakia hartu du Auzitegi Nazionalak

Batasunako bozeramaile ohia aske uzteko eskaera arbuiatu dute, auzipetuak ihes egiteko arriskua duelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohia espetxean mantentzeko erabakia hartu du gaur Auzitegi Nazionalak. Izan ere, Otegi aske uzteko eskaera arbuiatu dute, auzipetuak ihes egiteko arriskua duelako.

Otegik aske gelditzeko eskaera egin zuen, familiaren osasuna txarra dela azalduz.

Aske gelditzekotan, Otegik delituak egin ditzakela uste du Auzitegi Nazionalak. Ihes egiteko arriskuaz ere ohartarazi du epaileak.

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko 3. Salak ''Bateragune'' erakundea osatzea egotzi zion Otegiri. Horrez gain, legez kanpo utzitako Batasunaren zuzendaritza berria eratu nahi zutela pentsatzeko "zantzu garbiak" daudela argudiatu zuen Auzitegiak.

Joan den urtarrilaren 25ean, Baltasar Garzon epaileak Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Jose Manuel Serra auzipetzea agindu zuen, 2009ko martxoa eta urriaren 13an (orduan atxilotu zituzten) bitartean ''Bateragune'' osatu zutelakoan eta erakunde hori ETAk sortu zuela argudiatuta.

Autoan, ''Bateragune''ren "arduradun nagusia" izatea leporatzen diote Arnaldo Otegi eta, besteak beste, bere eginkizuna "ezkutuko su-etenak" lortzea zela dio, "indarkeriaren aurka dauden alderdi politiko eta eragile sozial independentisten eta soberanisten arteko elkarrizketak eta hurbiltzeak lortzeko asmoz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea