Politika -
Adierazpen bateratua
'Amorerik' ez emateko eskatu dute Kataluniako agintari ohiek
Bestalde, Kataluniaren "duintasunaren alde borroka" egiteko herritarrei mobilizatzeko eskatu die Jose Montilla Generalitateko presidenteak, "eraso" bat jaso dutelako.
Erredakzioa
Pasqual Maragall eta Jordi Puyol Generalitateko presidente ohiek eta Joan Rigol eta Heribert Barrera Parlamentuko presidente ohiek adierazpen bateratu bat irakurri dute gaur. Kataluniarrei "amorerik" ez emateko eskatu diete agintari ohiek, baita "fedea" ez galtzeko eta uztailaren 10eko manifestaldian euren "harrotasuna" defendatzeko ere.
Kataluniako herriak onartutako Estatuta Auzitegi Konstituzionalak epai baten bidez murriztu ostean eta Bartzelonan egin beharreko protestarako bi egun falta direnean, lau presidente ohiek agerraldia egin dute Kataluniako Kazetarien Ikastetxean manifestu baten berri emateko. Adierazpena Rigolek irakurri du.
Adierazpenean, momentu "garrantzitsu " honetan herriari zerbait esateko "derrigortuta egon" direla esan dute presidente ohiek, Kataluniako "abertzaletasunaren eta garapen ekonomiko eta sozialaren grinaz". Kataluniako herriaren "autoestimua eta duintasuna defendatzeko" beharra sentitu dutela adierazi dute agintari ohiek.
Nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak murrizketak ezarri "nazio gisa onar gaitzaten borrokan jarraituko dugu, gure hizkuntza eta kultura errespeta ditzaten, gure erakundeengatik eta gure nortasunaren oinarri den guztiarengatik", erakundeetako agintari ohiek esan dutenez.
Balio sinboliko berezia du presidente ohiek egindako adierazpen bateratuak, izan ere, katalanismoaren lau ildo ezberdin ordezkatzen dituzte. Maragall sozialista da, Pujol Convergencia alderdikoa, Rigol Uniokoa eta Barrera ERCko buruzagi ohia izan zen.
Montilla
Bestalde, Kataluniaren "duintasunaren alde borroka" egiteko herritarrei mobilizatzeko eskatu die Jose Montilla Generalitateko presidenteak, Auzitegi Konstituzionalaren epaiarekin "eraso" bat jaso dutelako. "Herri baten duintasunaren alde borroka egiteko gauza asko egin behar dira. Erasoa dagoenean, batzutan, kalera atera beharra dago. Era berean, Gobernuak eta Parlamentuak euren lana egin beharko dute", azpimarratu du Montillak.