Politika -
Bilera
Loiolako kuartelak hiritik kanpora mugitzea 'zaila' da, Goiaren ustean
Defentsa Ministerioak argi utzi du Lurreko Armadak mantendu egin nahi dituela Donostian edo hiriaren inguruetan gaur egungo unitate eta zerbitzuak.
agentziak | erredakzioa
Eneko Goia Donostiako alkatearen esanetan "zaila" izango da Loiolako kuartelak beste eremu batera mugitzea, Urumearen bazterretako garapena ahalbidetzeko.
Alkateak bilera izan zuen atzo, asteazkena, Defentsa Ministerioan Eduardo Zamarripa erakunde horretako Azpiegitura Departamentuko zuzendariarekin, Loiolako kuartelen aferaz hitz egiteko. Akordiorik lortu ez badute ere, "komunikaziorako kanal" bat zabaldu dute, proposamenak, iritziak eta aukerak partekatzeko, bileraren ostean Donostiako agintariak azaldu zuenez.
Gainera, bilera horretan, Defentsa Ministerioak argi utzi zuen Lurreko Armadak mantendu egin nahi dituela Donostian edo hiriaren inguruetan gaur egungo unitate eta zerbitzuak, antzeko instalazioetan.
Kuartela 170 hektareako sail batean dago, hori dela eta, zaila izango da hirian horren tamainako beste leku bat topatzea, Udaletik adierazi dutenaren arabera.
Gainera, kostu handiko operazioa izango litzateke, atzoko bileran operazioak izango lukeen kostuaren gaia jorratu ez bazuten ere.