Politika -

Operazioa Alacanten

Ripoll aske geratu da epailearen aurrean deklaratu ostean

"Formalki auzipetu" dutela jakinarazi du Alacanteko Diputazioko presidenteak, baina fiskalak eskatutako neurriak ezartzeri uko egin dio epaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orihuelako epailearen aurrean deklaratu ostean Jose Joaquin Ripoll Alacanteko Diputazioko presidentea aske geratu da. Vega Baja eskualdeko zabor planaren esleipena ikertzen ari da epailea.

"Formalki auzipetu" dutela jakinarazi du Ripollek, baina fiskalak eskatutako neurriak ezartzeri uko egin dio epaileak, espetxea saihesteko 500.000 euroko fidantza bat ezartzea esaterako. Gainera, epaileak ''Brugal'' auzian "zergatik eta zertan oinarritu den" auzipetzeko ez diola azaldu nabarmendu du PPko agintariak.

Carlos Sanmartin magistratuaren aurrean deklaratu du PPko buruzagiak eta Fernando Candela eta Bernardo del Rosal abokatuek lagundu dute. Felipe Briones fiskala ere bertan izan da.

Ripoll 14:00ak aldera heldu da Orihuelara, baina ordu batzuk beranduago sartu da deklaratzera. Sei atxilotuetatik magistratuak galdekatu duen azkena izan da.

Lau auzipetu

Ikerketan Ripollen egoera ezagutzeko zain, lau atxilotu auzipetu dituzte zenbait deliturengatik, nahiz eta bermerik gabe aske utzi: Enrique Ortiz (Hercules futbol taldeko akziodun nagusia), Jose Francisco Leon, Jose Candel eta Luis Bracho enpresaburuak.

Bestalde, Rafael Gregori enpresaria espetxera bidali du epaileak, baina 100.000 euroko fidantzapean. Funtzionario-eroskeria, iruzurra eta eragimen-trafikoa egotzi dizkio magistratuak.

''Brugal'' operazioan atxilotutako Orihuelako hiru zinegotziek bihar deklaratuko dute, eta baita Angel Fenoll enpresaburua eta Antonio Angel azken horren semea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea