Politika -
Ustezko ustelkeria Araban
Zerbitzutik kendu dituzte 'De Miguel' auzian inputatutako bi ertzainak
-Herrizaingo Sailak diziplinazko espedientea ireki die.
-Arabako Diputazioa auzian pertsonatuko da.
-Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak agerraldia egingo du 13:30ean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zerbitzutik kanpo utzi ditu ''De Miguel'' auzian inputatutako bi ertzainak.&' || 'nbsp; Arabako bizitza politikoko eta gizarteko pertsona ezagunak zelatatzea eta eskuratutako informazioarekin EAJrentzat txostenak egitea leporatu die epaileak bi agenteei.
Zabaldutako informazioen arabera, Arabako enpresaburuei eta politikariei buruz ertzainek egin omen dituzten txostenak Aitor Telleriaren esku aurkitu dituzte. Telleria Araba Buru Batzarreko buruzagi ohia da eta ''De Miguel'' ustezko ustelkeria kasuan inputatu ondoren dimisioa aurkeztu zuen.
Herrizaingo Sailak barne ikerketa bat abiatu duela iragarri du, beharrezkoa bada kautelazko neurrika hartzeko asmoz.
Inputatutako bi agenteei eguerdian jakinarazi diete Erandioko ertzain-etxean egindako bilera batean Arabako Informazio Taldea utzi egin behar dutela eta dagoeneko zerbitzutik kanpo daudela. Ertzainei jakinarazi ondoren, erabakia publiko egin du Aresen Sailak.
Halaber, barne diziplinazko espedientea ireki die auzian izan duten erantzukizuna argitzeko eta beharrezkoa bada kautelazko neurriak hartzeko.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak auzian pertsonatzeko egindako eskaera aintzat hartu du epaileak, Diputazioa "aktore zibil kalteduna" dela ondorioztatuta. Alfredo de Miguel Herri Administrazioko diputatu ohia ustezko iruzur auzi batean auzipetuta dago, beste hamaika lagunekin batera.
Haatik, epaileak ez du aintzat hartu Jaurlaritzak Arabako Parke Teknologikoaren bidez auzian pertsonatzeko egindako eskaera, "forma akatsak" izan direla iritzita.
Xabier Agirre ahaldun arabarrak, 13:30ean hitz egingo du auziaren inguruan.