Politika -

Aurretiazko izapideak

Hasi da 'Cabieces auzia'ren epaiketa, Kutxabanken ordainketengatik

Mikel Cabieces (PSE-EE) Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia, Mario Fernandez (Kutxabank) eta Rafael Alcorta (abokatua) akusatuei bidegabeko jabetzea eta agiriak faltsutzea egotzi diete.

Mikel Cabiebes Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia EAEn, artxiboko argazkian. Iturria: EFE
Mikel Cabiebes Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia EAEn, artxiboko argazkian. Iturria: EFE
Mario Fernandezen eta Mikel Cabiecesen aurkako epaiketa gaur hasi da

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandez Kutxabanken presidente ohia, Mikel Cabieces (PSE-EE) Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohia eta Rafael Alcorta abokatuaren aurkako epaiketa gaur hasi da Bizkaiko Probintzia Auzitegian, aurretiazko izapideekin, eta otsailaren 14, 15 eta 17an ikustaldiei ekingo diete, Kutxabankek egindako ustezko ordainketa ilegalengatik.

2016ko maiatzean baieztatu zuen Auzitegi horrek Cabiecesen, Fernandezen eta Alcortaren aurkako ahozko saioa egin behar zutela, bidegabeko jabetzea eta agiriak faltsutzea egotzita, Fiskaltzak aurretik aipatutako ordainketengatik aurkeztutako salaketa aztertu eta gero.

Hala, ez zituen aintzat hartu inputatuek aurkeztutako helegiteak eta, gainera, emandako epaian esan zuenez, "krimen zantzuak" sumatu zituen Cabiecesi egindako kontratuetan, eta Kutxabanken ohiko kontratazio bideetatik "kanpo, eta beharrezkoa izan gabe" egin zituztela ebatzi zuen.

10:00etan akusatuen aulkian jesarri dira Cabieces, Alcorta eta Fernandez, aurretiazko izapideak egiteko.

Aurretik aupatu bezala, ikustaldiak otsailaren 14an hasiko dira, hiru akusatuen eta Fiskaltzak deitutako lehenengo hiru lekukoen deklarazioarekin. Hurrengo egunean, gainerako lekukoek eta adituek deklaratuko dute, aurkeztu gabe dauden frogak aurkeztu, eta aldeek behin betiko ondorioak agertuko dituzte.

Epaiketaren azken eguna 17an izango da, Jone Goirizelaia akusazio partikularraren abokatuak ezin duelako 16an joan (aurretik erabakita zegoen moduan). Egun horretan, aldeen txostena prest egotea eta epaiketa amaitzea espero da.

Fiskaltzak 2015eko otsailean igorri zion auzia Auzitegiari, Kutxabankek salaketa aurkeztu ostean. Ordurako, Gregorio Villalabeitia zen entitateko presidentea, eta delitu zantzuak atzeman zituzten Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiari emandako ordainketetan (243.592 euro guztira), Mario Fernandez presidentea izan zen garaian. Fernandezek berak Cabiecesi emandako dirua itzuli zion finantza entitateari, eta Kutxabankek akusazio gisa ez aurkeztea erabaki zuen.

Mario Fernández, epailearen aurrean deklaratu eta gero. Argazkia: EFE

Mario Fernández, epailearen aurrean deklaratu eta gero. Argazkia: EFE

Mario Fernandez, epailearen aurrean deklaratu eta gero. Argazkia: EFE

Carmen Adan del Rio Bizkaiko Probintzia fiskalak aurkeztutako salaketan (Kutxabanken salaketa ere jaso zuen bere txostenean), Cabieces, Fernandez eta Alcorta (bere abokatu-langelaren bidez egin zituzten ordainketak) inputatzea eskatu zuen, bidegabeko jabetzea egin eta merkataritza agiriak faltsutu zituztelakoan.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak orain bi urte inguru esan zuenez, PPk "lanpostu bat" eskatu zion Mikel Cabiecesentzat, terrorismoaren aurkako borrokarekin izan zuen lotura dela eta.

Fiskaltzaren akusazioa

Bizkaiko Fiskaltzaren arabera, hirurek "adostu zuten" delituok egitea "Kutxabanki kalte ekonomikoa egiteko asmoz" .

Hori dela eta, bi urteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isun bana eskatu du hirurontzat, administrazio desleiala eta agiriak faltsutzeagatik edo, bestela, hiruna urteko espetxealdia bidegabeko jabetzea eta agiriak faltsutzeagatik.

Gainera, gaitasungabetze berezia ere ezartzea eskatu du, zigorrak irauten duen bitartean; Mario Fernandezen kasuan, administratzaile edo merkataritza-sozietate baten administrazio kontseiluko kide izateko eta, beste bien kasuan, abokatutzan jarduteko.

Herri akusazioa

Bestalde, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko pentsiodunen plataformak osatzen duten herri akusazioak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Mikel Cabieces eta Rafael Alcortarentzat, eta bi urte eta hiru hilabetekoa Mario Fernandezentzat.

Herri akusazioaren esanetan, epaituko dituzten ekintzak administrazio desleial delitua, Zigor Kodearen 295. artikuluak dioenez, bidegabeko jabetze delitua, Zigor Kodearen 252 eta 74 artikuluetan jasota dagoenez, eta agiriak faltsutzea dira (azken horiek Zigor Kodearen 27 eta 28garren artikuluetan).

Hori dela eta, 27.000 euroko isuna eta bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eta gaitasungabetzea (kargu politiko batean jardun, eta administratzaile eta administrazio kontseiluko kide izateko) eskatu du Mario Fernandezentzat.

Defentsa

Carlos Bueren Mario Fernandezen abokatuak auzi saioa hasi baino lehen kazetariei esan dienez,  "epaiketa bidezkoa ez" dela frogatzen saiatuko dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Kutxabank berriak Delituak argazkiak Epaiketak Euskal sozialistak