Politika -
Ustezko espioitza auzia
Basagoitik azalpenak eskatu ditu 'De Miguel' auziari buruz
Aresen hitzetan, ustezko espioitza auziaren inguruko ikerketa "bukaerara arte" eramango dute; Aralarrek, ordea, aste batzuk itxaron egingo ditu ikerketa eskatzeko.
Erredakzioa
Arabako ustezko espioitza kasuaren aurrean EAJ eta PSE izaten ari diren jarrerak "ez zaizkiola balio" adierazi du Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak. Sozialistei ikerketa batzorde bat osatzeko eskatu ostean, ustez auzian inplikatutako lagunak "babestea" egotzi dio Txarli Prieto Arabako PSEko buruzagiari Basagoitik.
Arabako bizilagun ospetsuei ustez egindako espioitza "oso larria" dela esan du PPko buruzagiak, eta "Euskadiko demokraziaren eskandalurik handienetarikoa" izango litzatekeela erantsi du. Interes "orokorreko" gai bat dela gaineratu du, eta baita "maila nazionalekoa" ere, "antzeko kasurik ezagutzen ez delako, ustez arduradun edo arerio politikoak eta enpresaburuak espiatzen ibili den jendea, ondoren xantaia egiteko".
Bestalde, ustezko espioitza kasuen ikerketak "amaierara arte" eramango dituztela adierazi du Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Aresen ahotan, "ezin daiteke ezer baztertu", eta bi ertzain auzipetuak baino inplikatu gehiago izatea gerta daiteke. "Beharrezko diren" Ertzaintzako unitateak ikertuko dituztela ziurtatu du sailburuak.
Informazioak baieztatzen baldin badira, "oso gai larria" izango litzateke, eta Herrizaingo Sailak eta Eusko Jaurlaritzak auzi hau argitzen "interes handia" dute, Aresen hitzetan.
Bestalde, ''De Miguel'' auziari buruz Arabako Batzar Nagusietan ikerketa bat formalki eskatzeko zenbait aste itxarongo duela iragarri du Aralarrek, alderdien artean ahalik eta adostasun zabalena lortzeko.