Politika -
Auzitegi Nazionala
Udalbiltzak ez zituen ETAren aginduak jarraitzen, auzipetuen ahotan
Udalbiltzaren "agindupeko" bat baino ez zela adierazi du Xabier Alegria auzipetu nagusiak. Bestalde, Asanblada "gobernu paralelo bat" izan ez zela esan du Loren Arkotxak.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak hasiera eman dio gaur goizean Udalbiltza-Kursaal ezker abertzaleko hautetsien biltzarraren aurkako epaiketari. 21 auzipetu dira kasuan. Udalbiltzak ETAren edo EKIN aparatu politikoaren aginduak sekula jarraitu ez zituela esan dute bost akusatuk. ETAko kide izatea eta ondasun publikoak bidegabe eralgitzea egotzi diete auzipetuei.
Miren Karmele Urbistondo, Leire Idoiaga, Oscar Goñi, Jose Manuel Jurado Torvisco eta Lander Etxebarria akusatuek hori azaldu dute Auzitegi Nazionalean, epaiketaren lehenengo saioan. Juan Moral fiskalak 10 eta 15 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat.
"Hautagaitzak osatzeko orduan Udalbiltzak ez zidan sekula agindurik eman", adierazi du Jurado Torvisco auzipetuak, ezta Euskal Herritarrok (EH) alderdiak, EKINek edo ETAk ere. Torviscoren esanetan, "nire kontzientziak bakarrik ematen dizkit aginduak".
Bestalde, ETAk edo EKINek aginduta erakundeko kide izatera pasa ez zela adierazi du Goñik, eta ondorioz, horien menpe lan egiten zuenik "erabat faltsua da". Gainera, "Udalbiltza bake tresna bat" dela erantsi du.
Urbistondo akusatuak deklaratu du lehenengo. 1999an Urnietako (Gipuzkoa) Udaleko zinegotzi gisa aukeratu zutela azaldu du Urbistondok eta bertatik Udalbiltzan parte hartu zuen, baina "ETAren edo EKINen agindurik jaso ez" zuela berretsi du.
Xabier Alegria
Xabier Alegria auzipetu nagusiak Udalbiltzaren "agindupeko" bat baino ez zela adierazi du. "Ni langile soil bat naiz. Erabakitakoa beteko zela bermatzeko ardura nuen, baina Udalbiltzan nuen posizioa agindupeko batena zen", errepikatu du.
Alegria galdekatu baino lehen, Eider Casanova Udalbiltzako kultura arloko arduradunak Asanbladan "pentsamolde ezberdinak" zirela goraipatu du, "zerbait anitza" zelako. Horrela, alkateak eta zinegotziak alderdi ezberdinetakoak ziren.
Bestalde, Udalbiltza "ETAren egitasmo iraultzailearen haragitzea" ez zela azpimarratu du Loren Arkotxak, eta erakundeak ETA udalen bidez finantzatzea "ezinezkoa" zela erantsi du, nahiz eta akusazioak horretan oinarritu. Arkotxarentzat 15 urteko espetxe-zigorra eskatu dute.
"Ez zen gobernu paralelo bat. Ez du gobernatzeko gaitasunik izan, ezta nahi ere. Ez da sekula Parlamentu bat izan eta ez du legerik sortu, udal batek baino gutxiago agintzen baitzuen. Euskal Herriaren alde lan egiteko tresna bat zen", gaineratu du.
Auzipetuetako bat absolbitu dute
Saioan, epaimahaiak auzipetuetako bat, Miren Campos hain zuzen, ez epaitzea erabaki du, egozten dizkioten delituak 18/98 auzian jada epaitu eta zigortu zizkiotelako.
Hori horrela, Javier Gomez Bermudez buru duen epaimahaiak onartu egin du Camposen defentsaren eskaera, eta kargu guztietan absolbitu egingo dutela aurreratu du.
Xabier Alegriaren defentsak ere eskaera berdina egin zuen, baina kasu honetan ez diote onartu. Epaitu egingo dute, horrenbestez.
Fiskalak 10 eta 15 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu 21 auzipetuentzat, ETAko kide izatea eta erakunde armatuarentzat dirua desbideratzea egotzita.
Auzipetuetako baten aurkako atxilotzen agindua
Bestalde, saioaren hasieran, Auzitegi Nazionalak Xarlo Etxezaharreta auzipetua bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du, ez baita epaiketara joan, iragarri zuen bezala.