Politika -

Administrazio publikoa

Jaurlaritzak 2012ko aparteko ordainsariaren % 25 ordainduko du aurten

Udaberrian ordainduko duela jakinarazi du Josu Erkorekak. Ordainketa hori egindakoan, beste % 25 ordaintzea faltako litzateke, eta 2018an ordaintzea aurreikusi du.

Josu Erkoreka. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak udaberrian ordainduko die langile publikoei 2012ko abenduan ezabatutako aparteko ordainsariaren % 25a, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak astearte honetan iragarri duenez. Apirila eta maiatza artean izan ohi da EAEko Administrazio Publikoak diru gehien eskura duen unea. Ordainketa hori egindakoan, 2012ko aparteko ordainsariaren % 25 ordaintzea faltako litzateke, eta 2018an ordaintzea aurreikusi du Erkorekak.

Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordearen bileran eman du Erkorekak erabaki horren berri. Bertan, Gobernu Publiko eta Autogobernu Sailak aurten izango duen aurrekontua 113.076.000 milioi eurokoa izango dela jakinarazi du.

Langile publikoei 2012ko abenduan ezabatutako aparteko ordainsariaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak % 50a ordaindu behar diela gogoratu du, eta lau urtetan ordaintzeko planifikazioa indarrean jarraitzen duela azaldu du.  Gauzak horrela, bi partetan banatuko dute ordainketa: aurten % 25a jasoko dute eta 2018an beste horrenbeste.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen soldata % 1 igoko duela esan du Erkorekak. Ildo horretatik, autonomia erkidego guztiek igoera hori aztertu dutela esan du, eta baliteke Espainiako Aurrekontu Orokorretan igoera hori jasotzea.

Halaber, Euskadiko Amdinistrazio Orokor eta Instituzionaleko langileen aurreikuspen plana kudeatzen duen Itzarri Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeari aurten ezin izango diola diru-laguntza gehiagorik eman azaldu du Erkorekak. Bere esanetan, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuko araudia errespetatu behar du, eta diru-laguntza hori ematekotan legea urratuko lukeela esan du.

Aurrekontuak

Erkorekak azaldu duenez, Gobernu Publiko eta Autogobernu Sailak 113 milioi inguruko aurrekontua izango du. Zenbateko hori hamar programatan inbertituko da, eta ondorengo lau ekintza-ardatz nagusi hauetan antolatzen dira: Euskal Administrazio Publikoaren modernizazioa eta berrikuntza (49,7 milioi euro), Euskadiko langile funtzionarioen prestakuntza eta hautaketa (23 milioi euro), Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak (4,7 milioi euro) eta erakundeekiko harremanak (2,6 milioi euro).

Hizkuntza-normalizazioa

Beste alde batetik, Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten langileen prestakuntza, euskalduntzera eta hautaketara 23 milioi euro bideratuko dira. Lan-ardatz horrek ondorengo proiektuak jasotzen ditu: Euskal funtzionarioen hautaketa eta prestakuntza (12,6 milioi euro, 2016an baino % 1,4 gehiago), hizkuntza-normalizazioa “herritarrek beren administrazio publikoarekin euskaraz harremanetan jarduteko duten eskubidea bermatzeko” (10,3 milioi euro, 2016an baino % 0,8 gehiago), giza baliabideak, langile publikoen kudeaketa eta prebentzioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Politika Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Lana albisteak Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak