Politika -

Manifestazioa Bilbon

Milaka pertsona bildu dira Udalbiltzako auzipetuen alde

Bertan izan dira, besteak beste, Peio Urizar EAko idazkari nagusia, Patxo Zabaleta Aralarreko koordinatzaile orokorra eta Aintzane Ezenarro, Aralarreko bozeramalea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manifestazioa 17:30ean abiatu da Bilboko La Casillatik "Udalbiltza Aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari" lelopean. Bertan izan dira, Peio Urizar EAko idazkari nagusia, Patxo Zabaleta Aralarreko koordinatzaile orokorra eta Aintzane Ezenarro, Aralarreko bozeramalea.

Hauez gain, Tasio Erkizia eta Oskar Matute, ezker abertzaleko eta Alternatibako bozeramaleak eta Jone Goirizelaia abokatua ere izan dira.

Manifestazioan auzipetuen argazkiak eta euskal udalerri ezberdinen izenen kartelak eraman dituzte. Momentu batzuetan ere independentziaren aldeko ohiak bota dituzte.

"Udalbiltza herria bera da"

Bilboko Udaletxearen aurrean eman diote amaiera ibilbideari. Bertan bertso saio txiki bat egin dute eta auzipetutako bik hitza hartu dute bertan bildutakoen babesa eskertzeko. "Herria bera Udalbiltza da eta Udalbiltza herriarena da", azpimarratu dute.

Gainera, Auzitegi Nazionaletik "burua goian eta irribarrea ezpainetan" dutela etorri direla esan dute, Madrilen "antzerki zentzugabea" prestatu dietela salatuz.

Bestalde, Peio Urizar EAko idazkari nagusiak gaurko ekitaldia "guztia ETA da" ideiaren kontrako protesta dela adierazi du. 18/98, Egunkaria eta Udalbiltza bezalako kasuek justizia politizatu eta herri honek independentziaren alde egiten duen edozein mugimendu "judizializatzeko" besterik ez dute balio.

Antzerako hitzak erabili ditu Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile orokorrak. Bere esanetan " bide baketsu eta demokratikoan oinarritutako ekintzek, elkarrizketarako irekiek, demokraziaren babesa jaso behar dute".

Oskar Matute Alternatibako bozeramaleak, bestalde, zera adierazi du: "Euskal hautatuek eskubide osoa dute bildu eta bultzada behar duten proiektuak aurrera atera eta garatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea