Politika -

Galdeketa

% 24,83ko parte-hartzea izan da galdeketetan

Gure Esku Dago plataformak emandako datuen arabera, 30.862 pertsonak eman dute botoa igandeko galdeketetan.

Gure Esku Dagoren galdeketa, 2017ko martxoaren 19an. Argazkia: Gure Esku Dago
Gure Esku Dagoren galdeketa, 2017ko martxoaren 19an. Argazkia: Gure Esku Dago
Jai-giroan bozkatu dute 35 udalerrietako galdeketetan

1:23

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan Gure Esku Dago plataformak 35 udalerritan (Gipuzkoako 34tan eta Bizkaiko 1ean) antolatu dituen galdeketetan bozkatzeko eskubidea zuten 16 urtetik gorako 124.274 herritarretako 30.862 joan dira botoa ematera. Horrenbestez, batez beste, % 24,83ko parte-hartzea egon da: Larrabetzu (% 57,98), Oarsoaldea (% 19,52), Tolosaldea (% 31,14), Hernani (% 24,76) eta Astigarraga (% 19,92).

Jasotako botoen arabera, boto-emaileen % 95,84k baiezkoarekin erantzun diote galdetutakoari, eta % 2,63, berriz, kontra agertu dira.

Parte-hartzearen datuak zabaldutakoan, eta herriz herriko emaitzak zenbatzen ari ziren bitartean, Zelai Nikolas eta Josu Etxaburu Gure Esku Dago plataformako bozeramaileak Errenterian mintzatu dira, jardunaldiari buruzko balorazioa egiteko. Horien esanetan, martxoaren 19an "demokraziak irabazi du".

Egun luzea

Galdeketak 09:00etan abiatu dira areto pribatuetan edota kalean jarri dituzten 101 hauteslekuak irekita (ez dute udal aretorik erabili), eta 20:00ak arte egon dira zabalik. Antolatzaileek adierazi zutenez, "emozioz eta ilusioz beteriko eguna izan da".

Galdeketa gehiago

2017an galdeketa gehiago egingo dituzte: apirilaren 2an, maiatzaren 7an, ekainaren 18an eta udazkenean. Uda iristen denerako, estatus politikoaren inguruko eztabaida 600.000 herritar bizi diren eremuetara heltzea espero dute.

Aurten, herri-galdeketez gain, beste ildo bat garatuko dutela nabarmendu dute: "herritarron ituna". Hala, ekainaren 10ean "euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen ituna" aurkeztuko dute Bilbon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Hernani albisteak Tolosa gaur Gure Esku argazkiak Pasaia albisteak Errenteria albisteak Villabona bideoak Astigarraga albisteak Eguneko albisteak