Politika -
10. urteurrena
"Gustuko zituen osagai guztiekin" gogoratuko dute Jauregi
ETAk hildako Gipuzkoako gobernadore ohiaren omenaldiaren ekitaldi nagusia uztailaren 29an, udaletxearen ondoan dagoen Tolosako Biktimen Gunean, egingo duten lore eskaintza izango da.
Erredakzioa
Egitaraua "askotarikoa" izango da eta Jauregik "gustuko zituen osagai guztiak izango ditu, tertulia, musika, gastronomia eta bertsolaritza". Horiekin gogoratuko dute Tolosan ETAk hildako Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore ohi sozialista. Horrela adierazi du Oscar Renedo Tolosako PSE-EE alderdiaren idazkari nagusiak.
Joan den 2000ko uztailaren 29an Jauregi hil zuten tokiaren ondoan dagoen Tolosako Frontoia jatetxearen ondoan eskaini dute gaur prentsaurrekoa Joxe Lasak (Maixabel Lasa Jauregiren alargunak arazo pertsonalengatik ezin izan du joan eta neba bere ordez agertu da), Renedo eta Roberto Ruiz izan dira, besteak beste, aurkeztu dute omenaldiaren egitaraua. Bihar hasiko da, hain zuzen ere, ekitaldi sorta Legorretako Bilkoin elkartean egingo duten herri bazkariarekin. Izan ere, Jauregi Bilkoineko presidentea izan zen urtetan.
Hilaren 28an, 20:00etan, Tolosako Topic Zentroan, "oroitzapenari buruzko" mahai-ingurua izango da. Ekitaldia Jaime Otamendi kazetariak zuzenduko du eta Mari Carmen Garmendia Kultura sailburu ohiak, Jose Angel Lasa Arte Ederretako irakasleak eta Galo Bilbao Deustuko Unibertsitateko irakasleak parte hartuko dute.
Gainera, uztailearen 30ean, ostiralean, kontzertu bat eta poesia ekitaldia bat eskainiko dituzte. Ekimena 20:00etan, Topicean izango da. Bertan izango dira Mikel Arregi poeta, Ekaitz Goikoetxea bertsolaria eta Irati haren arreba, Amalia Ibañez musika irakaslea, Iñaki Mezquita irakasle eta musikaria eta Edurne Ormazabal komunikatzailea, azken horrek gidatuko du ekitaldia. Horrez gain, Andoni Egaña bertsolaria eta Jose Ramon Soroiz aktorea ere bertan egotea espero dute, baina oraindik ez dute baiezkoa eman.
Lore eskaintza
Renedok, bestalde, hamargarren urteurren honetako ekitaldi nagusia, ostegunean, hilaren 29an, 12:30ean, udaletxe ondoan dagoen Tolosako Biktimen Gunean egingo den lore eskaintza izango dela azpimarratu du. Ekitaldian parte hartuko dute Maixabel Lasak eta Jose Manuel Rodriguez Uribes terrorismoaren biktimen zuzendari nagusiak. Ekimen nagusia baino lehen, 10:30ean Burnikurutzetako monolitoan beste lore eskaintza bat egingo dute eta Legorretan 11:30ean izango da.
Agintari sozialistak adierazi du PSEk eta Juan Mariren gertukoenek antolatutako egitarau honekin urteurren honi "kutsu berezia" eman nahi izan diotela.