Politika -
Ustezko espioitza sarea
EAJren karneta entregatzeko eskatu die inputatuei Urkulluk
Auzipetuei "gogoeta" egiteko "gonbitea" egin die EBBko presidenteak, eta "EAJrekin lotura formala mantenduz alderdiari irudi txarra sortzen ari diren edo ez" aztertzeko eskatu die.
Erredakzioa
Arabako ustezko espioitza eta funtzionario-eroskeria sarean inputatuta diren alderdikideei "pauso bat" emateko eta alderdiaren karneta entregatzeko eskatu die Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, "EAJren irudiari kalte egiten dietela argi dagoelako", ustelkeria kasuekin "zerikusirik ez" duen alderdiari.
Arabako EAJko zenbait kide auzipetuta dira auzian, besteak beste, Alfredo de Miguel diputatu ohia eta Aitor Telleria zuzendaritzako kide ohia. "Pertsonenganako errespetuz eta errugabetasun-presuntzioa errespetatuz, baina, era berean, zaindu beharreko kode etiko eta estetiko bati men eginez" kudeatu du alderdiak kasua, Urkulluren ahotan.
Auzipetuei "gogoeta" egiteko "gonbitea" egin die pertsonalki Urkulluk, eta "prozedura judizialak zabalik mantentzen baldin badira, EAJrekin lotura formala mantenduz alderdiari irudi txarra sortzen ari diren edo ez" aztertzeko eskatu die inputatuei.
"Lagunen erantzuna itxaron dut, ez dut gustuko erantzunik jaso eta publikoki esan beharra daukat, gardentasunak, garbitasunak eta balioek gidatu behar dute EAJko edozein militanteren ekimena, gardentasunik eta garbitasunik gabe jokatzea EAJtik kanpo geratzea suposatzen duelako", erantsi du EBBko presidenteak.
Militanteei euren karneta entregatzeko eskatzen ari ote zen galdetu diote EAJko agintariari, eta Urkulluk honakoa erantzun du: "Noski hori egiten ari naizela".