Politika -

EAJren ekitaldia Barakaldon

Ortuzarren esanetan, EAJren xedea 'Euskadi askea' lortzea da

'Gure helburua Euskadi nazio gisa aitortua izan dadila erdiestea da', gaineratu du Barakaldoko BEC aretoan egindako ekitaldian.

Andoni Ortuzar, Barakaldon gaur egindako agerraldian. Argazkia: EiTB
Andoni Ortuzar, Barakaldon gaur egindako agerraldian. Argazkia: EiTB
Frankismoaren osteko lehen Batzar Nazionalaren urtemuga ospatu dute

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak gaur baieztatu duenez, EAJren "helburua Euskadi askea" lortzea da, eta "nazio gisa aitortua izatea", eta, bere alderdiaren konpromisoa Euskal Herria "berak nahi duen lekura eramatea" dela erantsi du.

Ortuzarrek bere alderdiak Barakaldoko BEC aretoan egin duen ekitaldia itxi du. Ekitaldi horrekin duela 40 urte (1977an, Iruñean), diktadura frankistaren ostean, EAJk publikoki antolatu zuen lehendabiziko biltzar nazionalaren urtemuga ospatu dute.

Ekitaldira 2.100 pertsona inguru bertaratu dira, eta ordu hartan egin zen biltzarreko hizlariek  -(Xabier Arzalluz (politika), Josu Bergara (antolakuntza), Iñigo Agirre (kultura) y Kepa Sodupe (sozioekonomia)- mahai-inguru bat egin dute, hitzordu hartan gertatutakoak gogoratzeko.

Bere mintzaldian zehar Ortuzarrek nabarmendu duenaren arabera, biltzar hartatik 40 urte igaro ostean, EAJk eutsi egiten dio "herri hau berak nahi duen lekura" eramateko konpromisoari. Azpimarratu duenez, helburua "Euskadi aske bat" erdiestea da, eta EAJren nahia "euskal herritarrentzat ahalik eta etxe onena eraikitzea" dela gaineratu du.

"Gure xedea ez da inorekin gatazkarik izatea, ez Espainiarekin, ez Frantziarekin. Gure xedea Euskadi nazio gisa aitortua izan dadila da. Gure bizimodua ezartzeko gai den subjektu politiko gisa errespeta gaitzatela. Nola eta norekin elkarbizi nahi dugun erabakitzeko gai dena. Berdintasunez tratatu gaitzatela, eta ez mendeko zerbait gisa", baieztatu du.

Bere esanetan, "aitortua izan dadila nahi duen nazioa da Euskadi", eta "euskal Estatu bat" lortzeko nahia duena, "gainerakoak diren bezain libre izateko".

EAJko presidentearen iritziz, egun "noranzko zuzenean aurrera egiteko" baldintzak ematen dira: Nafarroan gero eta sendoagoa den "aldaketa" dago, Ipar Euskal Herrian bere "lehen urratsak" ematen ari den erakundea sortu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan "etorkizunari autogobernutik eta subiranotasunetik begiratzen dion gehiengo politikoa dago".

Gainera, nabarmendu duenez, "lehendabiziko aldiz denbora luzean" etorkizunari begiratzen zaio "indarkeriaren zama astunik gabe", eta, zentzu horretan, "luzaroan enbarazu egin digun pasarte bati" era ordenatuan eta arrazoizkoan bukaera ematearen alde azaldu da.

Bere iritziz, "bakean dagoen herria daukagula ziurtatzeko aukera paregabearen aurrean gaude". Horrez gain, beharrezkotzat jo du "memoria kolektiboa indartzea", "ahantzi ez dezagun", "sufritu zutenekin bat egon gaitezen" eta "sendatu gabe dauden zauriak orbain daitezen".

Bukatzeko, EAJ beti "korrontearen aurka" aritu izan dela nabarmendu du. Aste honetan bertan "batzuek Euskadiren arerio handienekin hitzartu izana leporatu digute" eta "horiek, aldi berean, ETAren bozeramaile izatea egotzi digute" adierazi du, EH Bilduri eta PPri erreferentzia eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Andoni Ortuzar argazkiak Xabier Arzalluz albisteak Albisteak