Politika -
Zainketa aringarriak
Heriotza duina bermatzeko egitasmoa eztabaidatuko dute Kongresuan
Alderdi batzuen arabera, Ciudadanosek ez ditu Autonomia Erkidegoen eskuduntzak errespetatu, eta gai horren inguruan egindako legeak kopiatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politiko gehienek Ciudadanosek egindako proposamen bati babesa eman diote astearte honetan, heriotza duina bermatzeko egitasmoa eztabaidatzeko. Hala, hiltzeko arriskuan dauden pertsonei zainketa aringarriak emateko lege baten inguruan hitz egingo dute.
Alderdi Popularrak, PSOEk, Unidos Podemosek, Ciudadanosek, Compromisek eta UPNk lege proposamen horren alde bozkatu dute. PDeCAT alderdiak, aldiz, kontra bozkatuko duela iragarri du, eta ERCk abstentzioa emango duela jakinarazi du astearte honetan egindako osoko bilkuran.
Heriotza duina bermatzeko lege proposamena Ciudadanosekin lortutako akordioaren parte dela nabarmendu du Alderdi Popularrak. Alabaina, autonomia erkidegoek gai horren inguruan egin dituzten legeak —zortzi onartu dituzte jada, eta beste bi onartzeko bidean daude— kopiatu dituela leporatu diote gainerako alderdi guztiek Ciudadanosi. Era berean, autonomia erkidegoek dituzten eskuduntzak ez dituela errespetatu esan diote.
Ildo horretatik, autonomia erkidegoen legeak kopiatu eta horien erabilera politikoa egin izana leporatu dio Jesus Maria Fernandez Diaz PSOEko bozeramaileak Ciudadanosi. Hala, Kongresuan aurkeztutako lege proposamenari ukitu “kontserbadorea” eta “zentralista” eman diola gaineratu du. Dena dela, herritarren heriotza duina bermatzeko alde bozkatu duela esan du.
Bestalde, lege horrek eutanasia eta medikuek lagundutako suizidioa bere gain har ditzan beste proposamen bat egingo dutela iragarri du Eva Garcia Sempere Unidos Podemoseko alderdikideak.
Joseba Agirretxea EAJko alderdikidearen arabera, lege proposamen hori ez da beharrezkoa, eta gehiegizko ere bada, ez dituelako autonomia erkidegoen eskuduntzak errespetatzen.