Politika -

% 3aren afera

Mas: 'Ez nuen erantzukizun zuzenik alderdiaren finantza alorrean'

Kataluniako presidente ohia Parlamentean izan da CDC alderdiaren ustezko finantzazio irregularraren inguruan hitz egiteko. Esan duenez, alderdiko diruzainarengan "erabateko konfiantza" du.

Artur Mas, gaur Parlamentean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Artur Mas. Argazkia: EFE
Komisioak ukatu ditu Artur Masek Parlamentuan

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak nabarmendu duenez, berak ez zuen "erantzukizun zuzenik CDCren finantza alorrean", diruzaina ibiltzen baitzen lanotan, "mugagabe". Onartu du, ordea, Palau auzian akusatuta dagoen Daniel Osacar diruzaina berak izendatu zuela, eta beraz, erantzukizun politiko hori berea dela. Halaber, Osacarrengan "erabateko konfiantza" duela  azpimarratu du.

Kataluniako Parlamentuko erakunde-gaietarako batzordean agerraldia egin du Masek, oposizioko taldeek eskatuta. 'Palau auzia' hizpidera atera da berriki, akusatuetako bik, Felix Milletek eta Jordi Montullek, CDC alderdiak % 3ko legez kanpoko komisioak jaso zituela aitortu baitute epaiketan.

CDC alderdiaren finantzazioa susmopean jarri zuen auziak. Alderdiak % 3ren eta % 4ren arteko komisioak kobratu ei zituen Musikaren Jauregiaren bitartez, obra publikoak esleitzearen truk.

"Nik ez nuen erantzukizun zuzenik alderdiaren alor administratibo, juridiko eta finantzarioan", esan du Masek. Erantzukizunen bat izatekotan, Osacar diruzain izendatzean izan zuen: "Pertsona honengan nuen eta dudan konfiantza erabatekoa da".

Ituna Fiskaltzarekin

Masen hitzetan, Osacarrek ez du bere bertsioa aldatu, gainerako akusatuek ez bezala. Milleten eta Montullen bertsio aldaketa Fiskaltzarekin egindako itun bati egotzi dio presidente ohiak.

"Akusatu batzuek euren lehen bertsioa aldatzea adostu zuten Fiskaltzarekin zigor eskaerak jaisteko. Hau da auziaren berrikuntza bakarra", nabarmendu du.

'Palau auziko' epaiketan deklaratzera deitu ez dutela esan du Masek, eta CDCren finantza arloan "erantzukizun zuzenik" izan balu, epaileek deituko zutela azpimarratu du.

Epaiketa abian dela, Parlamentuan agerraldia egitea "injerentzia" dela uste du Masek, baina halakoetan "aurpegia ematearen" alde dagoela argudiatu du.

2015ean ere azalpenak eman zituen Masek Parlamentuan. Orduko hartan %3ko komisiorik egon ez zela nabarmendu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Ustelkeria politikoa azken albisteak Albisteak Artur Mas bideoak