Politika -

Lehendakaria AEBetan

'Lagun Onari' saria eman dio Patxi Lopezek Nevadako gobernadoreari

Nortasun eta kultura ezberdinak uztartzeko duten gaitasunagatik euskal etorkinak eta haien oinordekoak laudatu ditu lehendakariak, amerikar eta euskal herritar sentitzen direlako aldi berean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James Gibbons Nevadako gobernadoreak ''Lagun Onari'' saria jaso du Patxi Lopez lehendakariaren eskutik. Esker oneko ekitaldi honen bitartez, Nevadak euskal herritarrei emandako harrera, adiskidetasuna eta lotura kulturalak eta, batez ere, akademikoak azpimarratu eta bultzatu nahi ditu lehendakariak.

Nortasun eta kultura ezberdinak uztartzeko duten gaitasunagatik euskal etorkinak eta haien oinordekoak laudatu ditu lehendakariak, amerikar eta euskal herritar sentitzen direlako aldi berean. Nortasun eta kulturen integrazio horrek herrialdeak eta pertsonak aberasten dituela defendatu du Patxi Lopezek.

Brian Krolicki Nevadako gobernadoreordeari ''Laun Onari'' saria eman dio lehendakariak. Nevadak historikoki euskal etorkinari eman dion harrera goraipatu du Lopezek. Euskal herritarrak XIX. mendeko bigarren erditik aurrera AEBetako mendebaldera heldu ziren.

Kalifornia eta Idahoren ostean Nevadak euskal herritar kopuru handiena du, izan ere, 6.000 baino gehiago bizi dira bertan, lehendakariak azaldu duenez. Era berean, Nevadako (Reno) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak euskal kultura ikertzeko eta zabaltzeko egindako lana goraipatu du Lopezek.

Jaurlaritzaren keinua eskertu du Krolickik eta euskal erakundeen onarpena izatea "ohoretzat" jo du. Euskal etorkinak Nevadako historiaren zati garrantzitsu bat direla azpimarratu du gobernadoreordeak, beraiekin "lan egiteko era berezi bat" ekarri dutelako, eta industria eta politika esparruetan buruzagi izan direlako.

Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa

Ekitaldia Renoko Unibertsitatean egin dute. Patxi Lopez bertara bisita egin nahi izan du "gure laguntasuna adierazteko, ez bakarrik era literal batean, sinatu berri dugun akordioa bezalako ekintzekin ere bai".

Akordio horri esker, Eusko Jaurlaritzak 217.000 euroko laguntza emango dio urtero Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroari. Diru horrekin ekintza akademikoak, dibulgazioa eta ikerketa bultzatu nahi dute. Helburua, Euskadiko kultura, errealitatea eta hizkuntza Estatu Batuetan eta munduan zabaltzea da.

Lehendakariaren hitzetan: "Atlantikoaren bi aldeetako euskaldunak batzen gaituen zubia tinko mantendu nahi dugu. Estatu Batuetako sarrera izaten jarraitu dezazuen espero dugu eta jatorrizko Euskaditik bidaltzen dizuegun etxe giroa sentitu dezazuen gustatuko litzaiguke".

San Franciscora bidaia

Lehendakaria San Franciscora joango da gero. Bertan izango duen egitarauak ukitu akademiko eta enpresariala izango du batik bat. Berkeley bezalako unibertsitateak bisitatu eta hauekin hainbat hitzarmen sinatuko ditu. Proiektu teknologiko eta enpresa ezberdinak ere gertutik ikusteko aukera izango du. Aldi berean, hirian bertan lan egiten duten euskal enpresariekin ere bilduko da.

"Guzti hau Euskadiren irudi ireki, lehiakor, moderno eta iraunkorra emateko egiten dugu. Irudi horri bultzada berria eman nahi diogu, munduak gurea zer den hobetu ezagutu dezan eta Estatu Batuak abiapuntu ezin hobea dira horretarako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea