Politika -
Gobernu Kontseilua
Lehiakortasun Plana onartu dute 11.000 milioiko inbertsioarekin
Era berea, AHTren hiru zati berriri oneritzia eman diete, 350 milioi gorako aurrekontuarekin.
Erredakzioa
Uda aurreko azken Gobernu Kontseiluak Enpresa Lehiakortasun Plana 2010-2013 onartu du. Horren arabera, ia 12.000 milioi euroko inbertsioa egingo da datozen lau urteetan. 4.600 milioi sektore publikoak jarriko ditu eta gainontzeko 7.200 milioiak, berriz, esku pribatuetatik aterako dira.
Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan eman dute ezagutzera plana. Bertan ekimen ezberdinetarako 14 bide ezarri dira eta 30 ekintza zehatz.
Planaren helburu nagusia enpresek berrikuntza edo innobazioa bultzatzeko duten gaitasuna eta "gero eta lehiakorragoak" diren merkatuetara moldatzeko elkarlana bultzatzea da.
Euskal ekonomiaren irudia hobetu egin nahi da; irekia, berriztatzailea eta teknologikoki erakargarri bihurtzea da asmo nagusia. Horren bidez, Inbertsio gehiago ekarri eta turismoa bultzatu nahi dira.
Helburuekin osotutako zerrenda ezberdinak urtero berrikusiko dituzte arlo bakoitzeko adituek.
Erakunde, enpresa eta sindikatuen 250 ordezkaren laguntzarekin egindako plana da gaur onartutakoa.
AHTren hiru zati berri
AHTren lanak izan dira mahai gainean izan duten beste gai garrantzistu bat. Hiru lizitazio berriri oneritzia eman die opor aurreko azken Gobernu Kontseiluak, guztiak Gipuzkoako lurraldean egingo dira.
354 milioi euroko aurrekontua du hiru zatien lizitazioak.
Zehatz mehatz, Andoain-Urnieta; Antzuola-Ezkio/Itsaso eta Urnieta-Hernani zatien lizitazioari argi berdea emango dio Eusko Jaurlaritzak. Urrats hau eman eta gero, AHT-ren Gipuzkoako 20 zatitatik 11, martxan izango dira urtea amaitu baino lehen.
Iñaki Arriola sailburuak "euskal "Y"ari dagokion kontraturik ez dela geldituko" azpimarratu nahi izan du. Gainera, urte bukaerarako Gipuzkoako lanen %60 adjudikatuta edota lanean egongo dela gaineratu du Arriolak.
Naturgasen salmenta
Aldi berean, Idoia Mendia gobernuko bozeramaleak Naturgasen auziari heldu dio. Mendiak esandakoaren arabera, Gobernuak duen %25 saltzea ala ez aste honetan bertan erabaki daiteke, Energiaren Euskal Erakundea eta EDP enpresa portugaldarraren arteko negoziazioan.