Politika -
Bilerak
Batasunarekin bilera egitea EAJren "hutsegitea" dela uste du Lopezek
Ezker abertzaleari "protagonismoa" ematea "hutsegitea" dela azpimarratu du lehendakariak. Urkulluk lehendakariari erantzun dio eta "elkarrizketari ateak itxiko ez" dizkiotela adierazi du.
Erredakzioa
EAJk ezker abertzalearekin egin behar duen bilera jeltzaleen "hutsegitea" izango dela uste du Patxi Lopezek. Lehendakariak adierazi duenez, ezker abertzaleari ez zaio "protagonismorik" eman behar, ETArekin "apurtu ez duelako".
Estatu Batuetara egin duen bidai ofizialean nabarmendu duenez, EAJk hartu duen erabakia "akats" bat da, baina jeltzaleak "nahi dutena egiteko askeak direla" gaineratu du. Hala ere, ezker abertzaleari "protagonismoa" ematea "hutsegitea" izango dela errepikatu du.
"Jarrera berdintsua mantentzen ari dira, denek espero dugun urratsa ez dute oraindik eman: indarkeriarekin apurtu, eta terrorismoaren desagerpena bilatzea. Akats politikoa da, besterik ez", azaldu du.
EAEko PPk egindako kritikei erantzuteko, Eusko Jaurlaritza ezker abertzalearen "atzetik" ez dela "inoiz joan" esan du.
"Irizpide berdina eta irmotasuna mantendu dugu mundu horrekin", gaineratu du.
Urkullu
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak lehendakariari erantzun dio eta "elkarrizketari ateak itxiko ez" dizkiotela adierazi du. Gainera, ezker abertzaleko jarraitzaileentzat ere gobernatzen ari dela gogorarazi dio Patxi Lopezi EBBko presidenteak. Urkulluren hitzetan, arazoak konpontzeko "beste irtenbiderik ez dago": Elkarrizketa.
Elkarrizketari uko egingo ez diotela esan du Urkulluk, eta "are gutxiago" ez dute "aldizkako elkarrizketa bat" bultzatuko, "beste batzuek egin bezala", Lopezi erreferentzia eginez. "Arduraz joka dezala eskatzen diogu lehendakariari, euskal herritar guztientzako gobernatzen ari dela kontuan izan behar duelako, baita ezker abertzaleko jarraitzaileentzako ere", gaineratu du jeltzaleak.
Ezker abertzalea eta EA
Bestalde, ordezkaritzen arteko "bilera posiblearen filtrazioaren bidez" EAJ "protagonismo politikoa berreskuratzen saiatzen" ari da, ezker abertzalearen eta EAren esanetan.
Prentsa-ohar bateratu batean, indar independentisten arteko akordioak EAJ "urduri" jarri duela adierazi dute EAk eta ezker abertzaleak, "filtrazioak" argi utzi duenez. Akordioak "Euskal Herriaren normalizazio politikoa eta subiranotasuna lortzeko oinarri sendoak" ezartzen ditu, "bide politikoak erabiliz".