Politika -

Eta-ren armagabetzea

Urkullu: 'Armak klandestinitatearen eremutik legaltasunera pasa dira'

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin du Donostian, ETAren armagabetzeari buruz balioespen instituzionala egiteko.

Urkullu: 'Inoiz ere ez da ETAko biktima bat ere egon behar izan'

3:45

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak, Ram Mannikalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko koordinatzailearekin batera, agerraldia egin du Donostian ETAren armagabetzeari buruz balioespen instituzionala egiteko.

Agerraldi hori "epikatik etikara" esanez hasi du, eta gaineratu du armagabetzearekin "armak klandestinatearen eremutik legaltasunaren eremura pasa" direla.

"ETAren armagabetzea edozein epikatik salbuetsita" dagoela nabarmendu lehendakariak, "baina esanahi etiko nagusi bat" duela gaineratu du: "Behin betirako ziurtatzen du ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zuela inoiz eragin behar, inoiz ez".

"Lorpen demokratikoa"

"Arrazoi etiko horrengatik, biktima guztiak eta haietako bakoitza gaur egun gizartearen, bere erakundeen, politikaren eta giza eskubideen lorpen demokratikoaren subjektu eta partaide nagusiak dira", erantsi du.

Horrez gain, Urkulluk adierazi duenez azken asteetan "Eusko Jaurlaritzak lan egin du armagabetzea bideragarria izan zedin, legezkoa, aldebakarra, osoa eta ordainik gabea, eta bere helmugara ondo iritsi zedin".

"Espainiako Gobernuarekin, Frantziako agintariekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Elkargoarekin harremanetan" egon dela ere adierazi du lehendakariak, eta koordinazio lanak egin dituztela "Eusko Legebiltzarrarekin, talde politikoekin eta gizarte eragileekin eta Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearekin" ere.

"Balio historikoa"

Urkulluk azaldu duenez, "beharrezkoa izan da geure gizartearentzat lorpen garrantzitsua duen balio historikoari erantzungo liokeen elkargunea diskrezioz ehuntzea erakundeen eta eragile politiko eta sozialen artean".

Armagabetzea gauzatzeko lanean jardun dutenei eskerrak eman nahi izan dizkie: "Azpimarratu eta eskertu nahi dut une honen kudeaketan, modu batera edo bestera, nahasita egon diren gobernuetan, erakundeetan eta indar politikoetan aurkitu dugun heldutasuna eta lankidetza. Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak ETAren azken armagabetzea bideratzen egindako lan ona ere eskertzen dut, orain Frantziako agintari judizialek berretsi behar dutena".

"Bizikidetza normalizatua"

Lehendakariaren iritziz, "legezko, behin betiko eta ordainik gabeko armagabetzearen egiaztapena funtsezko urratsa da indarkeriaren amaiera ordenatuaren eta ETAren desagertzearen prozesuan". Alabaina ohartarazi duenez, "bideak aurrera darrai. Gaur ez da ezer hasten ezta bukatzen ere. Bizikidetza normalizatu baten alde lanean jarraitzen dugu, orain eszenategi hobe batean".

Amaitzeko, lehendakariak nabarmendu duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berriaren bitartez, jarraipena emango dio "bakearen alde hainbat eta hainbat lagunek, erakundeek eta instituzioek hainbeste urtetan egindako lanari".

"Etorkizuneko eta itxaropenezko egitasmoa dugu helburu nagusi batekin, Gizartea Elkartzea, bizikidetza normalizatuaren helburua. Konpromiso etikoak jarraitu egiten du", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Euskadi Ta Askatasuna albisteak Albisteak Bakea Euskadin