Politika -

Urkulluri erantzuna

Patxi Lopez: 'Mehatxuak ez dira inoiz ongi etorriak'

Lehendakariaren hitzetan, EAJ da autogobernuari oztopo egiteagatik azalpenak eman behar dituena, eta ez PSE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Alderdi sozialistak ez ditu inoiz mehatxuak ondo hartzen" erantzun dio Patxi Lopezek EAJri. Era berean, Euskadiko autogobernuak jaso duen "beto bakarra" EAJk Lanbide Politika Aktiboetako transferentziari jarritakoa dela gogoratu nahi izan dio alderdi jeltzaleari.

Hitz hauen bidez, lehendakariak Iñigo Urkulluk egindako adierazpenei erantzun die. EAJko presidenteak oharra bota zien PSE eta PSOEko agintariei: "Euskadiko eta Espainiako gobernuek autogobernuarekin konpromisoa agertu ezean, Zapaterok boterea galdu lezake eta lehendakariaren jarrerak zerikusi handia izango du horretan".

Patxi Lopezek AEBko egonaldiko azken egunean egin ditu adierazpen hauek eta bertatik eskaera bat luzatu dio EAJri: Lanbide trasferentziari egindako betoa ikusita, Euskadiko autogobernua zergatik oztopatzen duten azaltzea.

"Momentuz, autogobernuari egindako beto bakarra ez du Eusko Jaurlaritzak ez PSEk jarri; EAJk jarri du, krisi garai hauetan Euskadirentzat ezinbestekoa den Lanbide transferentziari hain zuzen. Eta oraindik ez du erabaki inguruan azalpenik eman", esan du Patxi Lopezek Eusko Jaurlaritzako Irekia web orrialden agertzen denaren arabera.

AEBra bidaia, positiboa

Bestalde, lehendakariak Amerikako Estatu Batuetara egindako bidaiaren balantze positiboa egin du. Zazpi egunetan zehar, Patxi Lopezek Nevada, Kalifornia eta Idaho bisitatu ditu. "Helburu guztiak gauzatu ditugu", esan du lehendakariak, eta bertako euskaldunei egindako harrera eskertu die.

Eusko Jaurlaritzako Kultura, Industria eta Kanpo ekintzetarako sailetako zazpi kiderekin batera izan da Patxi Lopez AEBn.

Bertan adostu eta sinatutako akordioen artean azpimarratzekoak dira Boiseko Unibertsitateko Euskal Ikasketetarako programa luzatzeko akordioa, ETB AEBn ikusteko aukera eta "puntako hainbat enpresa eta zentro teknologikoekin sortutako harremanak, etorkizunean elkarlana errazteko balio izango dutenak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea