Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Elorza: 'EAJrekin biltzeak, Batasunari ETA uzten lagun diezaioke '
Donostiako alkatearentzat, elkarrizketa "ez litzateke arduragabekeria izango". Gainera, Tecnaliako egoitza berriaren kokapenaren inguruan ematen ari diren "irudi negargarria" kritikatu du Elorzak.
Erredakzioa
Odon Elorza Donostiako alkateak begi onez ikusten du EAJk eta Batasunak egingo duten bilera. Elorzaren hitzetan, "hitz egitea ez da inoiz gauza txarra" eta bilera horrek bultzada eman diezaioke Batasunari ETA behin betiko alde batera uzteko.
PSEko agintariaren ustez, EAJ eta ezker abertzalearen arteko elkarrizketa ez da arduragabekeria bat, alderantziz, "honelako bileren bidez Batasunak ETArekin duen harremana apurtzen lagundu dezakete eta honela bide berri bati ekingo liokete euren ideiak printzipio demokratikoetan oinarrituz eta edozein indarkeria motari uko eginez".
Elorzaren esanetan, "ongietorria" eman behar zaio "Batasunaren inguru politikoak heldutasun maila handitu dezan", izan ere, "hitz egitea ez da txarra, baldin eta zure solaskidea demokraziaren printzipioak errespetatzen baditu".
Tecnalia auzia: irudi "negargarria"
Tecnaliaren egoitza berriaren inguruko eztabaidari dagokionez, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko lehiak Euskadiren "irudi negargarria" ematen ari dela salatu du Odon Elorzak, "herri bat izatera iritsi nahi duen herrialde batentzat guztiz desegokia".
Donostiako alkateak itxaropen gutxi agertu ditu egoitza berri hori Miramonen kokatzeko orduan. Hala ere, "herrialde txikia izanik, enpresen eta diputazioen artean akordio batera iristeko dauzkagun zailtasunak tamalgarriak dira, Taifa erresumen antzera gabiltza, bakoitza bere aldetik eta beti liskarretan murgilduta".
Bestalde, Elorzak ez du oraindik erabaki hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko den ala ez. Horren inguruan gauza bat argi salatu nahi izan du: "PP etengabe dabil EAJri amodioa egiten ea horrela Donostiako alkatetza PSEri edo niri kentzea lortzen duen".
Hala ere, Donostiak 2016ko hiriburutza kulturala lortzen ez badu, ez litzakeela alkatetzarako aurkeztuko aditzera eman du Elorzak.