Politika -

Abortuaren legea

Gobernu nafarrak abortuaren legea "ez duela betetzen" salatu du NaBaik

Koalizioak hainbat eskakizun aurkeztu ditu Gobernu zentrala eta Europar Batzordearen aurrean Nafarroako gobernuak erakusten duen "desobedientzia zibila"rekin amaitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa Baik hainbat ekimen aurkeztu ditu Nafarroan abortuaren legea bete dadin bermatzeko asmoz. Koalizioko kideen esanetan, gobernu foralak ez du legea bere osotasunean betetzen abortua egiteko beharrezkoak diren ebakuntzak beste komunitate batzuetara deribatzen dituelako.

Horrela salatu dute prentsaurrekoan Europako Legebiltzarrean Aralarrek duen ordezkariak, Iñaki Irazabalbeitia, eta NaBaiko Maria Luisa Mangado eta Asun Fernandez de Garaialde parlamentariek.

Azken honek Nafarroako Gobernuak legea "ez duela betetzen" adierazi du, abortuak Nafarroatik kanpo egiteko dirua jartzen duelako legeak emakumeei Nafarroan bertan abortatzeko aukera bermatzen dienean.

Abortuak bere mugen barruan egitea galerazteko, Nafarroako Gobernuak errekurtso bat aurkeztu zuen Epaitegi Konstituzionalean, baina honek erabaki bat hartu arte, gobernuak "indarrean dagoen legea" aplikatu behar du.

Legea betetzen duela esatean, gobernua "gezurretan" ari dela esan du Fernandez de Garaialdek, nafarroako emakumeak beste probintzia batzuetara bidaltzen baititu.

"Desobedientzia zibila"

Gobernuaren jarrera "desobedientzia zibila" dela salatu du NaBaiko parlamentariak , euren "ideologian oinarritu" eta "jendearen eskubideei kalte egiten diete". Ondorioz, UPNri "gezurretan aritzeari utzi eta legea bete dezan" eskatu dio.

Estatuto gobernuari ere eskaera luzatu dio NaBaik, "Nafarroan Haurdunaldia Borondatez Eteteko beharrezkoak diren neurriak hartu ditzala". Horri begira, Nafarroako legebiltzarrean ere mozioa aurkeztu dute Estatuaren eskuhartzea eskatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea